Albisteak

[ERREPORTAJEA] Orain naizena naiz ni. Bi gazte sortzaile, bi gazte trans

Hogeita bat urte dituzte biek. Zestoako Erdikalekoa da Arima Bueno. Arriet Aldalur berriz, Lasaoko Mallubi baserrikoa. Biek topatu dute bidea Bilbon, eta han bidea eginda bueltatu dira herrira. Gabonetatik etorri gabe zegoen Arima. Arriet berriz, batzuetan han, besteetan hemen, joan-etorrian ibiltzen da.

Aspaldiko lagunak dira, hamar bat urte zituztenetik edo. Ez dute oso ondo oroitzen, baina Arrieti ez zaio zaila egin hasiera imajinatzea: “Eskolako patioan egongo ginen, bakarrik egongo ginen, eta hizketan hasiko ginen”. DBH arte, lagunartean gustura ibiltzen zirela du akorduan. Gero, Arima eta biak bakarrik ibiltzen zirela, eta etxean ordu asko ematen zituztela. Batxiler garaian bai, egin zituzten beste lagun batzuk. Biei gustatzen zaizkie ordenagailuak eta Arrietek zaletu zuen Arima bideojokoetara. “Frikiak” zirela dio Arimak. “Nana” izeneko anime estiloko telesail bat ari da ikusten, izen bera duten bi neskari buruzko istorioa. Arriet “League of legends” bideojokoan ibiltzen da, lagunek online jokatzen dutelako. Arriet lehengusuak sartu omen zuen mundu horretan eta bere kasa ikasi du programatzen, diseinatzen, marrazten… Batxiler zientifikoa egin zuen, pentsatuz matematika ikasiko zuela. Pintatzen hasi zen gero, eta Arte Ederren gradua aukeratu zuen lanbide izan zitekeela pentsatuta. Oso abstraktua iruditu zitzaion ordea eta utzi egin zuen bigarren urtean. Pixels zentroan pintura ikasten hasi zen gero, zine eta bideojokoetarako diseinuak egiten, armak, jantziak, etab. Bitartean bideojokoak sortzen ikasi zuen, bere kabuz. Bigarren urtean, egiten ari zenaren eta nahiko lukeenaren arteko disonantzia sentitu zuen eta ez zuen segi. Neurri-neurriko lana atera zitzaion bideojokoak egiten: programatu, marraztu, 3d, diseinu grafikoa, dena. Urte hasieran hasi zen, baina sei hilabeterako zen proiektuak finantziazio arazoa izan du eta etenda geratu da, zintzilik. Bere web orria ere badu Arrietek,

Arimak oraintxe bukatu du 3d animazioko goi-mailako zikloa. Aurrez, bideo dj eta ekitaldi prestaketen erdi mailako zikloa egin zuen animazioa ikasi ahal izateko. Astebete da praktiketan hasi dela. Bilboko Mediatak enpresan enkargu batzuk eman dizkiote eta 3 dimentsiotako mapa bat sortzen ari da errealitate birtualean ikusteko. Poz-pozik etorri da hitzordura.

Larunbat arratsaldez zitatu ditugu biak herriko plazan. Arrietek hasieran ez zuen Danbolinen azaltzeko gogo handirik, baina akaso kontatzeak mesede egin dezakeela dio, “halako herri batean, non ez diren pertsona transgeneroak ikusten”. Arimak garbi du interesantea izan daitekeela bere historia kontatzea, prozesua esplikatzea, norbaiti lagundu diezaiokeelako. Txokoneko sukaldean hizketan hasi, eta joan zaigu ordu eta erdi. Azkenean berandu, Arimak autobusa galdu eta aitak eraman behar izan du Donostiara, han Bilborako autobusa hartzeko.

d-. Nolakoa izan zen konturatzea, ni neska naiz esatea?

ARIMA-. Nik uste 17 edo 18 urte nituenetik, akaso pixka bat lehenago ere bai, banekiela zerbait desberdina zegoela nigan, baina ez nekien izena ematen, eta justu trans nintzela nahiko seguru nuen momentuan Arriet etorri zitzaidan eta esan zidan bera transgeneroa zela, eta orduan nik esan nion ni ere hala nintzela. Txinatar batera joan ginen biok afaltzera eta etxeratu nintzenean, Lady Gagaren “Born this way” kanta entzunez neure buruari esan nion: ezin naiz atzera joan, ezin naiz bueltatu, hemendik aurrera segi behar da eta nik izan nahi dudan bezalakoa izatea lortu nahi dut. Pentsa, ezagutzen nuen jendea twitterren, banekien jende transa zegoela, babesa ematen nien, baina ez nuen pentsatzen ni izango nintzenik, eta konturatu nintzenean ni nintzela ez nengoen triste, pozik baizik. Oraindik bide luzea geratzen zait, nire ustez, baina uste dut ondo noala eta gustura nago.

ARRIET-. Niri ez zitzaidan burutik pasa ere egiten. Transexualitatea bazenik ere ez nekien. Neuzkan erreferenteak Drag Queenak ziren, baina ez zetozen bat nirekin. Konturatzea gehiago kosta zitzaidan, baina oso katramilatuta, raiatuta nengoen, ez nekien zer gertatzen zitzaidan eta lagun batek esan zidan 18 urterekin, akaso, transgeneroa izango nintzela. Lagun hori orain nire bikotekidea da.

d- Liberazio bat izan al zen?

ARIMA-. Bai, nik ez nuen uste nire bizitzan ezer gaizki zegoenik, baina banekien zerbait ez zegoela ondo. Orduan, gauza hortaz konturatu nintzenean esan nuen: hau da falta zitzaidana nire bizitzan ni izateko, naizen bezalakoa izateko. Nik uste askoz haurtzaro hobea izango nukeela umetan jakin izan banu, baina txikitan ez nekienez zer zen trans izatea, ez nekien ni nintzenik.

d- Zein izan zen gero ordena, etxean esan, psikologoarengana joan?

ARRIET-. Unibertsitatera hasi nintzenean erabaki nuen gehiago atera behar nuela kalera, gehiago sozializatu behar nuela eta erabaki hori hartu nuelako hasi nintzen gehiago ulertzen nire identitatea. Orduan hasi nintzen arropak-eta aldatzen, eta ezkutuan ibiltzen nintzen, eta hiri batera joateak lagundu egin zidan, jende desberdinarekin harremanak izateak, Bilbon lagunek babesa ematen zidaten. Gurasoei asko kosta zitzaien onartzea. Psikologoarengana joaten hasi nintzen depresioa nuelako, parte handi batean etxean bizi nuen egoeragatik. Beraiek hasi ziren nirekin etortzen eta orduan hasi ziren ulertzen. Orain, oso ondo moldatzen gara.

ARIMA-. Nik transa nintzela jakin nuenean esan nuen: psikologo batengana joango naiz, hormonak hartzen hasiko naiz, badakit zer egin behar dudan. Ez nintzenez gurasoekin bizi, Bilbon errazagoa zitzaidan hori, pisukideek ere lagundu zidaten. Lau neskarekin bizi naiz eta haiek gustura sentitzen lagundu zidaten. Egun batean, batek esan zidan makillatu egingo ninduela eta oso polita sentitu nintzen. Orain ikusten dut orduko irudia eta oso zatarra ikusten dut nire burua. Iritsi nintzen medikuarekin puntu batera, eta esan zidan hormonak hartzen hasi nintekeela, baina egokia litzatekeela familiari esatea. Banekien onartuko nindutela, baina beldurra ematen du. Amari esan nion, negar egin nuen, eta berak ulertu egin zuen. Egia esan, berak galdetu zidan: akaso ez al zara mutila sentitzen? Neska sentitzen al zara? Eta hortik aurrera kontatu nion dena. Berak aitari esan zion. Batzuetan, nahi gabe, mutil izena ateratzen zaio aitari, baina segituan zuzendu eta alaba bezala tratatzen nau. Gure familian gay eta lesbiana asko daude. 13-14 urte nituela, nire osabaren ezkontzara joan nintzen, bi gizon ziren, eta Drag Queen ekitaldi bat egin zuten, eta ni poz-pozik, familiarekin.

d- Zuek jabetu zinetenerako gorputza garatuta zeneukaten. Pubertaroa pasa aurretik hormonak blokeatzen dituzte garatzea geratzeko, baina zuek prozesua hasi zenutenerako nagusi zineten, 18 urte baino gehiago. Zein hormona tratamendu jaso duzue?

ARIMA-. Hormonak, androgenoak eta antiandrogenoak. Bat, testosterona jaisteko, eta bestea, estrogenoak igotzeko. 13 urteko ume baten kasuan adibidez, pubertaroan blokeatzaileak emanda, egiten duena da pubertaroa ez gertatzea. Blokeatzaile horiek ona dutena da, ez dutela efekturik. Hartzeari lagatzen badiozu, berriz hasten da pubertaroa. 13 urterekin, adibidez, zuk badakizu neska zarela, baina ezin duzu tratamendu osoa hasi, garapena geratzen da, eta aurrerago hasi. Nire kasuan adibidez, ahotsa maskulinoa daukat, pubertaroa pasa dut, bizarra ere atera zitzaidan, eta hori ez zait ondo etortzen. 13 urterekin hasiz gero blokeatzaileekin, arazo horiek ez nituzke izango, errazago izango zen.

d-. Ahotsa lantzeko foniatrarengana joaten al zarete?

ARIMA-. Egin ditzakezu ahots entrenamenduak, edo logopeda batengana joan, baina ez daude hemen espezialista asko eta ohikoena da tutorialak begiratzea interneten eta zuk entrenatzea pixkana hilabete batzuetan. Ni ez naiz hasi, lan asko da, ez da zerbait azkarra, denbora asko behar da. Ahots kordak ere operatu daitezke sokak motzago edukitzeko, baina lio handi bat da.

ARRIET-. Nire ahotsak ez dit axola, baina ez dut atentzioa eman nahi, oharkabean pasa nahi dut. Beldurra ematen dit entzun eta erreakzio txar bat izateak. Horregatik da gehiago.

ARIMA-. Niri behin gertatu zitzaidan; katuekin joateko kafe batean nintzen eta nire bikotekidearen amak (orduan ez ginen bikote) esan zuen niri buruz: neska horrek ze ahots arraroa daukan. Aurrena, jendeak itxurari begiratzen dio, nahiz eta ahotsa arraro antzeman, itxuragatik neska laukitxoan jarri bazaituzte, listo, horrela tratatzen zaituzte.

d- Ahotsa lantzeaz gain, ebakuntzarik egin nahiko al zenukete?

ARIMA-. Nahiko nuke bular handiagoak izatea, baina ez daukat hainbesteko beharrik. Informatu egin behar dut. Normalean ni bezalakoak pribatura joaten dira, publikoan itxaron zerrenda handia dagoelako. Urtebete igual. Baina ez dakit testura gustatuko litzaidakeen. Oraindik urte eta erdi daramat prozesuarekin eta itxaron egin nahi dut. Hormonazioarekin gorputz aldaketak konstanteak dira. Besteak ez dit arazorik sortzen, eta ez zait burutik pasa ere egiten ebakuntzarik egitea. Kezka bakarra da, jendeak antzematea.

ARRIET-. Lehenengo gauza, aurpegian laserra egin nuen. Hasieran duda neukan hormonatu ala ez. Ez nuen hainbesteko beharrik ikusten, baina pentsatzen nuen urteak aurrera joanda askoz ere maskulinoago ikusten hasiko nintzela nire burua eta horrek ematen zidan kezka, eta erabaki nuen hormonak hartzea. Operazioarena ez dut planteatu ere egin. Operazio prozesuak atzerakoa ematen dit.

 

d- Sexiliatuak sentitzen al zarete, zuen sexu identitateagatik Bilbora joan zaretela herrian onartuko ez zaituzteten beldurrez?

ARIMA-. Berdin dit jendeak zer pentsatzen duen. Nire lagunekin gustura nago, nahi dudan arropa janzten dut eta gustura nago. Zestoan hasi izan balitz, desberdina izango zen. Eskertzen dut prozesua Bilbon hasi izana, baina oraintxe bertan Zestoan igual-igual.

ARRIET-. Ni ere bai. Nahiz eta batzuetan raiatu egiten naizen, erabaki dut kalera ateratzea.

d- Euskadiko trans legea 2012koa da. Naizen elkartea, haur transexualen eta familien elkartea 2015ean sortu zuten. Aldi berean, gorroto delituak gero eta gehiago dira. 2021ean, Euskadin, % 15 egin zuten gora talde jakinen kontrako gorrotoarekin lotutako erasoek. Oro har, 279 izan ziren eta sexu orientazio edo genero identitatearekin lotutakoak 73. LGTBIQ+ Fobiaren Ikusgune Behatokiak gorroto delituen kontrako legea behar dela azpimarratu du. Transfobia ere gora egiten ari al da?

ARIMA-. Estatu Batuetan adibidez, orain 20 urte ez zegoen arazorik, eta orain gehiago ikusten dira transak, eta horri erantzuten diote. Azken finean, ez dira hainbeste, baina zarata handia ateratzen dute, eta nabarmendu egiten dira. Esango nuke bi persona mota daudela. Batetik, gaiaz ezer ez dakien jendea, eta beste batzuk, ez dutenak ikasi nahi. Gorrotoa adierazi nahi dute eta ez dute ikasi nahi. Beste pertsona batzuek ez dakite, eta erakusten badiezu, ikasi egiten dute eta aldatu daitezke. Espainian onartu duten genero identitatearen legean edo trans legean, 16 urtetik gorakoen autodeterminazioa onartu da, baina azkenean immigranteak ez dira sartu, ez bitarrak edo ez binarioak ere ez, kanpoan utzi dituzte. Gauza gehiago lortu zitezkeen, baina aurrerapausoa da.

d-. 2016tik Euskadin ematen dute NAN alternatibo bat, trantsizioan zaudela esaten duena. Orain trans pertsonen berdintasun legeak genero autodeterminazioa aitortzen du, eta ez da mediku txosten eta bi urteko hormonaziorik behar. Norberak bere nahia hiru hilabeteko epean bi aldiz adierazi eta lau hilabetean egingo da erregistroan aldaketa. Zuen kasuan nola izan da?

ARIMA-. Nik oraindik paper zaharrak dauzkat. Gabonetan egin nuen eskaera izena aldatzeko, baina oraindik ez didate erantzun. Edozein egunetan jasoko dut. Kontua da eskatu nuela erregistroan aldaketa egiteko zita eta 6 hilabetera eman zidaten txanda. Joan nintzenean esan zidaten ezin nuela Bilbon egin, hemen erroldatuta nagoenez Gipuzkoan egin behar nuela eta Azpeitian egin nuen erregistroan eskaera. Banekien bazela aukera transitoko identidadearekin neska gisa tratatzea eskatzeko, baina eskolan ez zekiten, egin nien eskaera eta Nortasun Agiria eskatu zidaten. Azkenean, irakasleengana joan nintzen, esplikatu nien eta Arima bezala tratatzen naute.

ARRIET-. Nik NANean generoa aldatu nuela bada urtebete. Izenik ez dut aldatu. Nire izena beti izan da arraroa, baina neutroa. Ni gustura nago. Nire izena gustatzen zait. Generoa aldatzeko tramite guztia amak egin zidan.

ARIMA-. Nire kasua poetikoa izan zen. Izena aukeratzeko pentsatzen jardun nuen hilabete batzuetan. Garbi neukan euskarazko izena nahi nuela eta izen ezohikoa nahi nuela, eta Arima ikusi nuenean politta iruditu zitzaidan. Aukeratu nuen eguna nire urtebetetze eguna izan zen. Poetikoa izan zen. Jaio nintzen egunean jarri zidaten izena eta urtebetzean erabaki nuen nirea.

d-. Beti segi behar al duzue hormonatzen?

ARIMA- Hasiera batean bai. Gauza batzuk laga daitezke, baina beste batzuk ez. Testosterona, adibidez, maila baxuan badago, ez da normalean errekuperatzen. Nik progesterona hartzen dut eta horrek ez du uzten testosterona igotzen, baina nahi badut aldaketekin segitzea, hartzen jarraituko dut. Ez da komeni kolpetik uztea, baina bada uzten duen jendea, batzuk iristen dira trantsizio puntu batera eta ez dute gehiago nahi.

d-. Zuen gorputzak aldatzen ari zirela ikusteak zoriontasuna ekarri al zizuen?

ARIMA-. Bai, egia esanda. Nik nire burua ispiluan ikusten dudanean iruditzen zait ez naizela hainbeste aldatu, baina argazki zaharrak ikusita konturatzen naiz zenbat aldatu naizen, aurpegia behintzat. Orain aldakak ere badauzkat, bularrak ez zaizkit asko hazi, baina antzematen da.

d-. Argazki zaharrak ikusita, sufrimenduarekin lotzen al dituzue?

ARIMA-. Zaharrak ikusita pentsatzen dut orain zeinen gustura nagoen. Pribatuan erakutsi ere egingo nituzke, baina ez nuke nahi jendaurrean erakusterik.

ARRIET-. Argazkiaren arabera, baina ez zaizkit gustatzen, panikoa ematen didate argazkiek.

d- Zer esango zeniokete zuek nerabezaro aurreratuan sentitu zenuten hori askoz lehenago sentitu dutenei?

ARIMA-. Batzuk pentsa dezakete transak izan daitezkeela, baina igual ez dira. Emakume arropa gustatzeak ez du hori esan nahi. Nahiko balute andre bezala tratatzea, beste izen bat izatea, pixka bat esperimentatzen hasi daitezke. Ez dago ezer drastikorik egin beharrik. Esan lagunei neska bezala tratatzeko eta probatu. Azken finean, adin txikikoa bazara, gurasoek onartu behar dute.

d- Datuetan trantsizioa egiten hasi eta % 1 edo % 2 dira atzera egitea erabakitzen dutenak edo damutuak. Kapritxo bat edo moda dela esateko argudio hori erabiltzen dutenei zer esango zeniekete?

ARIMA-. Askotan, damutzea ingurukoen presioagatik izaten da. Belauneko operazioek, adibidez, % 20ko damutze tasa daukate eta egiten dira ebakuntzak. Inork ez du hainbeste sufritzen moda batengatik. Gaur egungo gizartean ez da ondo ateratzen transa izatea, benefiziorik ez dago, pozik bizitzeko egin behar duzun sakrifizioa da.

d-. Bazterkeriarik ez duzue jasan, baina baztertuak izatearen beldurra bai?

ARRIET-. Niri beldurra ematen dit gauez kalera irteteak. Egunez berdin zait. Lagunekin ibiltzen naiz eta ez zait inoiz ezer gertatu.

ARIMA-. Nire lagun taldean erdiak transak gara eta gustura nago.

d-. Martxoaren 31n izaten da trans ikusgarritasun eguna. Militatzen al duzue LGTBIQ + talderen batean?

ARIMA-. Ez, baina gustatuko litzaidake. Egun horretan bai, hartuko dut parte Bilbon manifestazioan.

ARRIET-. Azkenean, gizarteak sortzen du arazoa, baina benetan ez dago arazorik. Ez dakit zer gertatzen den.

d- “20.000 especies de abejas” filma ikusteko gogoz al zaudete? Esti Urresolak egin du filma, haur baten trantsizioa eta bere familiaren bilakaera kontatzen ditu eta naturan aniztasuna zein gauza arrunta den erakusten du.

ARIMA-. Ikusiko dut. Azkenean denok gara pertsonak. Ez badiozu inori minik egiten zure bizitzarekin, inork ez luke kexatu beharko.

Nagore Telleria

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide