Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Zinezko historia bat

CC-BY-SA Argia fototeka

50 urte beteko dira aurten Zestoako Topaketak sortu zituztela. Euskal zinemaren historian mugarria izan ziren. Inportantea da hori jakitea, eta inportantea da Topaketen sortzaileei aitortza egitea. Gauzak nola izan ziren esplikatuko dizuegu erreportaje honetan, baina, lehendabizi, bixigarri pixka bat jarri dezagun…

Zapata hotsa. 315 eserleku ditu areto berriak baina gaur hutsik dago, eta pausoen oihartzuna entzun da beltzezko bi gizonak aretora sartu direnean. Izan ere, gaur ostirala da, eta ostiral iluntzetan pare bat lagun baino ez dira etortzen; beltzez jantzitako pare bat gizon. Betiko errenkadan eseri dira. Plak-plak-plak, argi denak itzali dituzte. Klik eta bigarren eskuko Orpheo Sincronic proiektorearen motorrak marmarra egin du, bobinak jiraka hasi dira, eta proiekzio gelako leihatilatik argi izpia jaurti du pantailara. Hasi da espektakulua.

Lekuko baten oroitzapenak dira hauek:

“Ostiral arratsetan egin ohi zuten herriko apaizek larunbat-igandez emango ziren filmen ikustea. Eta Inazio Alberdik behin baino gehiagotan kontatu izan digu nola egiten zuten bisionadoa Don Jose Azkoitia eta Don Genaro Elizondok, edo Don Emeterio Isastik edo Don Manuel Etxanizek; eta noiz edo noiz Don Jose Maria Zunzunegi ere izaten zela. Filma hasi eta Don Josek eskua altxatzen zuenean, zigarro-papera jarri behar izaten zen zintan, gero non moztu behar zuten jakiteko (…) Behin gertatu omen zen igandeko pelikula Oestekoa zela, eta Saloon tabernan emakume rubia bat azaltzen omen zen. Jakina: gona luzea, baina eskotea ere nahiko nabarmena. Rubia hori azaltzen zen bakoitzean Don Josek eskua altxatzen omen zuen, eta Inaziok zigarro papera pegatzen omen zuen zeluloidean, zein zati kendu behar zen akordatzeko. Pelikula bukaeran zine-bobina dena paper zuriz betea omen zegoen. Zer egin orduan? …Don Josek agindutakoa betez gero igandean ez zegoen pelikularik”.

Beleen bekozkoak. Giuseppe Tornatorek Cinema Paradison kontatutakoa, sotanadunak zentsuran, baina Zestoan bertan, Eliz-Ondo zineman. Ezin imajinatu pasarte zinematografikoagorik. Xabier Unanuek jaso du goiko eszena hori, Inazio Alberdiren ahotik. Iruittak, berriz ere, egundoko bilketa lana egin du: Zestoan Zinearen Historia izeneko txosten mardul batean josi ditu Lumière anaien asmakizunak gure herrian utzitako arrastoak. Erreportaje honetan azalduko ditugunak

Xabier Unanue “Iruitta”

lan horretatik aterata daude, denak. Unanueri zor diogu, beraz, gure historiaren zati hori berreskuratu izana.

Baina… onenean moztu dugu, geuk ere, eta ikus dezagun salooneko rubia peligrosa horren pasadizoa nola bukatu zen.

“Zer egin orduan? Erabakia: zegoen bezala utzi, eta jai arratsaldean Don Jose azaltzen zen edo ez zain-zain jarri Eliz-Ondo atarian. Igande hartan ez omen zen azaldu… eta ondo! Orain barre egiten dugu horrelakoekin, baina egiak dira bai hau bai beste hainbat horrelako; ez kontatzeko modukorik ere gertatu omen zen, beraz utzi dezagun adibide modura esandakoa”.

Four in a jeep

Eliz-Ondo zineman proiektatutako lehen pelikula Lau jeep batean izan zen, aretoa inauguratu berritan, 1953an. Baina flashback handiagoa egin behar da zinemak Zestoan izandako lehen argi-itzalak aurkitzeko. Martxoan beteko dira 118 urte Blas Alkortak bere kafetegian ‘funtzio zinematografikoak’ egiteko baimena eskatu ziola udalari. Agintariek eman zioten permisoa, baina “gobernadorea jakinaren gainean jartzeko” baldintzan.

Eliz-Ondo baino lehenago beste zinema-areto batzuk ere izan ziren gure herrian. Hara nola kontatzen duen Unanuek: “1940ko hamarkadan, Asuncion hotelaren aurrean, Cine On Bide omen zegoen. Zestoari Gorazarre liburuan dio hori Juan Jose Saezmirak Maixuak: ‘Cine Simon aretoa zegoen, gero Onbide izango zena, operadorea Jesus Odriozola zuen’”.

Eliz-Ondo inauguratzeak, ordea, aro berria ekarri zuen. 53an hasita astebururo izaten ziren pelikulak neguan. Eta uda garaian egunero: “San Pedrotan hasi eta amabirjinak bukatu arte, egunero-egunero bi emanaldi: arratsaldeko 7etan eta 10etan. Esatea erreza da, sinestea egingo zaie zaila egungo gazteei”.

Hasiera

Flashforward 1976ra, urriaren 6ra. Euskara hutsez egindako prentsaurreko baterako deiak kazetari gutxi batzuk erakarri ditu Gure Txokoa elkartera. Deitzaileei komentarioa erreportari batek: ez ote zen prentsa gehiago azalduko deialdia erdaraz egin balute. Erantzuna, hitzetik hortzera: «Gu euskarazko zine baten atzetik gabiltza, eta kontsekuente jokatu behar dugula uste dugu». Eta Topaketak izango zirenaren hiru ardatzak azaldu zizkieten azaldu ziren kazetariei: Lehiaketarik ez izatea, soilik euskarazko filmak erakustea, eta formatu txikiak erabiltzea. Iraultzailea zen hura. Kronista haietako batek, Zeruko Argiako Mikel Arregik, titulu hauxe jarri zion bere artikuluari: EUSKAL ZINEMA JAIO DA.

«Euskal zinema esaten zaio hori ez den gauza askori» Ramon Agirre aktoreak oraindik orain esan du hori. Eztabaida, ordea, ez da atzo goizekoa. Gure herrian argi izan zuten, eta Topaketen oinarrietan ezarri zuten: “Euskal Zinema Amateuraren Topaketa denez, filmen hitz eta elkarrizketa guztiek euskaraz beharko dute izan”. Hala azaldu zion Unanuek DEIAko kazetari bati: “Donostian eta Bilboko zinemaldietan erdarazko filmak agertzen dira normalki. Guk aukera bat egin dugu: Zestoara datozen filmak, euskerazkoak”. Erabakiak “eztabaida” dezente eta ulertu ezin batzuk eragin zituen, batik bat kanpoan.

Zumeta batekin jira-bueltaka

XX. mendeko euskal artista nagusietako batek egin zuen Topaketak iragartzeko kartela, Jose Luis Zumeta usurbildarrak. Kartel horren komeria Unanuek kontatuko digu:

“Gogoratzen naiz nola astegun batez Zumetaren etxera joan ginen Mikel Olazabal eta biok, kartel hori jasotzera. Kartela bi zatik osatzen dute: plantxa handi batean ZESTOAKO EUSKAL ZINEMA TOPAKETA hitzak eta zine-pantaila bat agertzen dira. Eta plantxa horretan itsatsita, behealdean, Zumetaren margolana. Kartela jaso genuen, eta Zestoara buelta, Aurrezki Kutxako bulegora. Zain genuen zuzendaria, Julian Aranguren. Kartela erakusten hasi gara eta… braust!, itsatsitako margolana lurrera. Orduantxe ez ginen lasai! Gure kezka eta galdera: alde batera edo bestera ote da karteltxoa? Elkarri begira gelditu ginen: Zer egin!? ”.

Deskubrituko dugu nola amaitu zen margolanaren pasadizoa. Baina, aurrena, azaldu dezagun nola sortu ziren Topaketak. Azala inportantea da, baina inportanteagoa mamia.

Munduaren erakusleiho

Eliz-Ondo zabaldu eta bederatzi urtera, 1962an, zineforum saioak egiten hasi ziren. Luis Cristobal abokatu donostiarrak aurkezten zituen pelikulak. Erdalduna zen Cristobal, eta saioak gaztelaniaz egiten zituzten. Urte haietan proiektatu zituzten lanen egile-zerrendan zazpigarren artearen maisuak baino ez dira ageri: Varda, Capra, Bergman, Rossellini, Resnais, Hitchcock, Berlanga, Kubrick… Frankismo itogarrian arnasgune izan zen hura.

Bospasei urteren buruan Cristobal jaunak utzi egin zuen, eta gazte donostiar bat aritu zen haren ordez, hura ere erdaraz. Azkenik, 1971n, ardura beren gain hartu zuten herritarrek: “Aurkezpena eta solasaldiak euskaraz egiten hasi ginen (…) Erraz esaten da, baina lana zekarren: pelikularen fitxa teknikoa prestatu, argumentua laburtu, euskaratu, eta geronek prestatutako esku-orriak etxe, kale eta tabernetan zabaldu”.

Forumak antolatzen zituen taldeak zinekluba sortu zuen 1973an. Garai hartan, Donostiaz gain, beste bost herrik baino ez zuten zineklub ofiziala Gipuzkoan. Bada zerbait. Urte gutxian ia 200 bazkide bildu ziren, eta saioetara Beasaingo gazte bat ere hasi zen azaltzen.

Zestoa “aitzindari eta bidegile”

Erabat ezohikoa zen orduan forumak euskaraz egitea. Zestoa eta Azpeititik kanpo ez dut uste beste inon egiten zutenik”. Oroitzapenak fresko ditu beasaindar hark, Martin Ibarbiak. Euskal ikus-entzunezkoetan figura garrantzitsua da Ibarbia, ETBko programa zuzendari eta Euskadiko Filmategiko presidente izana, eta Orio ekoiztetxearen sortzailea. Bidelagun izan zuten zestoarrek eta, Unanuek dioenez, hari esker “guretzat urruneko zen jendearengana iritsi ahal izan genuen”. Ibarbiak berak apalago azaldu du nola izan zen hasiera hura: “…behin saltsan sartuz gero, ideiak sortu egiten dira”. Eta zein da egia horren letra txikia? Bada, Unanue eta Ibarbia tartean zirela, euskal zinemaz lehen mahai-ingurua antolatu zuten Eibarren. Eta han erabaki zuten: “Zine zale gazteen emaitz apalak behar dira zabaldu, eta asmo honi ekin nahirik Zestoako Zine Klubak ‘Lehen Euskal Zine Amateur Lehiaketa’ sortaraziko du 1976 urtean”. Ibarbiak duda izpirik gabe dio: “aitzindari eta bidegile izan zen Zestoa”.

Hara hor Topaketen lehen txinparta. Gero, ekimena diseinatu eta sosak lortuta, kartela behar! Han utzi ditugu Unanue eta Olazabal, Aurrezki Kutxako zuzendariaren aurrean, elkarri begira, Zumetaren margolana nola ‘konpondu’ ez zekitela. Hara nola atera ziren atakatik:

“Kotxean sartu eta berriz Usurbilera! Atea jo eta Zumeta azaldu zen:

–Istripuren bat izan al duzue?

–Bai, holako zerbait, karteltxoa erori egin zaigu. Eta orain ez dakigu alde batera edo bestera jarri behar den…

Irribarre egin zuen Zumetak.

–Ez kezkatu, mutilak. Berdin-berdin duzue alde batera edo 

Elene Lizarralde eta Xabier Zaldua (Argazkia: Juantxo Egaña).

bestera jarri.

Hamabost urtez, 77tik 91ra, kartel huraxe izan zen Topaketen ikurra”.

Bernardo Atxagarekin zorra

Ordura arte, esate baterako, euskal zinema ez zen existitzen. Eta horretaz jakitun ziren antolatzaileak: “Dozena erdi film azalduta ere, ez zaigu ardura. Ez goaz numeroa egitera”. Azkenean uste baino lan gehiago aurkeztu zituzten, 17 alajaina! Baina antolakuntzakoak ez zeuden erabat konbentzituta: “film ‘politikoak’ izan ziren ugarienak. Kaleko borrokaren adierazpena ziren, eta aski txarrak jeneralean”. Erdi klandestinoki egindako lan xume horien artean, ordea, “film zoragarri bat ere aurkeztu zen: Gasteizko martxoaren 3ko gertakizunen dokumental bizi eta indartsua, Luis Larrañagak egina” kontatu zuten zestoarrek Punto y Hora astekarian.

Topaketek Zinegile Gazteen Sariketa sortu zuten, baita gidoiena ere. Baina gidoi “gutxi” jaso zituzten eta “denak txarrak; bat izan ezik”. 24 urteko egile batena zen lan on bakar hori, eta huraxe saritu zuten. Egilea: Bernardo Atxaga. Saria gidoia filmatzea zen, baina asteasuarrak 16 milimetrotan errodatu nahi zuen eta antolatzaileek ez zuten hainbeste dirurik. Horregatik zordun sentitzen dira Atxagarekin”.

Handitzen-handitzen

Txiki izan arren, koskortu egin ziren Topaketak urteen joanean. Kopuruz eta kalitatez asko hobetu ziren lanak eta IV. ekitaldirako “Euskal Zinemaren plazarik nagusiena izatera heldu da Zestoa” publikatu zuen DEIAk. Aurrekontua ere gizendu zen. 300.000 pezeta estreinako urtean, 1990ean 3.800.000. Gaur egun 60.000 € lirateke KPIa aplikatuz, baina 90ean diru horrek gehiago erosi zezakeen; etxebizitza txiki baten jabe egin zintezkeen poltsa horrekin.

Erdian Jose Migel Barandiaran (Argazkia: Pepe Gil)

Jose Migel Barandiaran, Martin Ugalde, Nestor Basterretxea, Antxon Ezeiza… ordurako itzal handia zuten figurak etorri ziren Zestoara. Han plazaratu ziren emakume zinegileak ere: Tatus Fombellida, Marija eta Nere, Elene Lizarralde, Elena Marrodan, Arantxa Lauzirika… Baita orduan gazteak –are gaxteak– izanagatik gerora nor bilakatuko ziren aktore eta zuzendariak ere: Jose Ramon Soroiz, Kontxu Odriozola, Mikel Garmendia, Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem, Pablo Berger, Juanba Berasategi…

Topaketek prentsan izan zuten oihartzunaren lagin ederra batu du Unanuek. Tartean Begoña del Tesoren eta Pako Aristiren kronika gatz-piperdunak. Horietan, ezustean, tapa! artikulu hau sinatzen duenak bere burua ikusi du Del Tesoren 86ko pasarte honetan: “Zestoakoek badakite Topaketak antolatzen eta proiektatzeko bitartekoek izugarrizko kalitatea dute. Nik kexu txikia dut ordea: Zestoako umeak etorkizuneko bideogileak izango dira, ados, baina zergatik ez zarete serio jartzen eta isilarazi?”. Eta Aristiren 89ko honetan: “Proiekzioan mutil koskorrak gehienak, zine infantila edo parrokiala zirudien hark, umeak builaka eta hizketan eta helduren bat

edo beste isilik egoteko agintzen”. Izan ere, han izaten ginen gu eskandaloa muntatzen… antolatzaileren bati pazientzia erre, kokotetik heldu, eta kalera botatzen gintuen arte.

Umea ume baita. Eta ume haiek ez genekien han gertatzen zena serioa zela, seguru asko herritar gehienek ere ez. Bada, euskal zinemaren ikertzaile inportanteenak, Josu Martinezek, horrela definituko ditu Zestoako Topaketak: “Historia osoan euskal zineman izandako lehen plaza publikoa”.

Andoni Imaz kazetari eta ikertzailea Topaketei buruzko azterlan sakona egiten ari da, Elias Querejeta Zine Eskolan Komisariotzako graduondokoaren barruan. Urteurrenaren jiran aurkeztu nahi luke emaitza. Eta antolatzaile haiei gorazarrea egin.

Topaketen amaierak beste kapitulu bat merezi luke, baina esan dezagun ez zela Hollywood tipokoa izan. Jaurlaritzak laguntza ukatu zien, Eliz-Ondo ez zegoen erabiltzeko moduan… 1991n -Topeketen azken urtean– “etsiak jota” zeuden antolatzaileak, Imazen arabera.

Bergara eta Gaztañaga gogoan

Karlos Alkortaren kartela

Xabier Unanue Iruittaren Zestoan Zinearen Historia lana da erreportaje honen oinarria. Lan horren hasieran bi lagun, bi bidaide, ditu gogoan Unanuek: Ana Mari Bergara eta Joxe Gaztañaga.

Bizitzaren paradoxa, ilusio ametsetan egin

zenuten lanaren esker ona jaso gabe, isil,

umil, xume, joan zineten… lainoetan zehar

zine izar distiratsu artean…

Ez zaituztet inoiz ahaztuko

Bihoakie biei gure aitortza eta omenaldia. Baita Xabierri ere, bera izan baitzen Topaketen bultzatzaile nagusia, eta berea da gure memoriaren zati hori gorde izanaren meritua.

 

 

Pako Aristi

El Diario Vasco, Hitz Apurrak, 1989-05-24

Euskal Zinema Zestoan
Pako Aristi

Izan gabe nengoen, eta Zumaian hondartzan izan naizen hiru egun aprobetxatu ditut, Urrestillarako itzulbidean Zestoan kera egin eta Topaketetako hainbat emanaldi ikusi, eta hango giroa hausnartzeko.

Zestoako topaketak Euskal Herriko garrantzitsuenetakoak dira, Donostiako festibalaren ondoren eta Lekeitiokoekin batera. Topaketen alma paterraren, Xabier Unanueren, antolaketa eta zinea zabaltzeko dedikazioa ere ezaguna da eta aipatua beharrekoa. Halere, tristura puntu batez etxeratu naiz gauero Zestoatik.

Batetik desproportzio izugarria nabaritu dut Topaketak prentsan duten oihartzun zabalaren eta ikuslegoaren erantzun eskasaren artean. Ander eta Yulen proiekzioan 60 pertsona ginen gutxi gorabehera, Karlistadaren kronikan 25, eta super8ko film laburren emanaldian 14. Mutil koskorrak gehienak (…) Non zeuden Euskal Herriko zinezale, kritiko edo zinegile eta langile jendea?

Noski, Zestoan aktoreei ez zaie pasarelarik jartzen, ez dantzari arkurik, eta ez da telebistaz ematen. Eta askorentzat ez du mereziko. Antolatzaileek esan didatenez, azken egunean Balnearioan ospatzen den afarira zine munduko jende asko agertzen da, egun pasa. Oso ondo deritzot debalde afaltzeari eta parranda egiteari, baina topaketekiko errespetu eta begirune falta izugarria iruditu zitzaidan zineko jendearen aldetik, eta planteamendu desenfokatua antolatzaileena.

(…)

Euskal zinea Zestoan. Salan jende gutxi, afaltzen asko (…) Hauek pentsatu nituen nik Zestoatik Urrestillara motoan nindoala azken gauean.

Jon Artano Izeta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide