Errigora saskiak eskuratu daitezke Zestoan, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari laguntza emateko helburuarekin
Danbolin— 2016-10-20
Errigora, Euskal Herria oinarri hartuta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldean du ardatz eta eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik euskararako eta euskaraz elkarlanean aritzea da, Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako. Beraz, ErriberaGORA, Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta Euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena da.
Zestoan ere, Errigora kanpaina martxan dago azaroaren 8ra arte, ‘NAFAR HEGOALDEKO UZTA EUSKARARI PUZKA’ lemapean. Herriko dendetan, tabernetan, Herri Eskolan, Egoitzan, AEK Euskaltegian… eskura ditzakezu 50 euroren truke, Nafarroa hegoaldeko baratzetako produktuez osatutako saskiak (saski zuria nahiz saski beltza, xehetasunak argazkian), jasotako %25 zonaldeko euskalgintzara bideratzeko.
Honako hauek dira Errigoraren helburuak:
- Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertakoak kontsumitu ditzagun.
- Nafarroa hegoaldean “Euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea.
- Herrigintza, auzolana, nazio-eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea.
IRUZKINDU