Albisteak

Eskola kirolaren inguruko hausnarketari ekin diote eskualdeko hainbat udalerritan

Zestoako, Arroabeko eta Aizarnako ikastetxeek, guraso elkarteek, udal ordezkariek, eskola kiroleko koordinatzaile zein entrenatzaile eta haurrek, Zumaia eta Aizarnazabalgoekin batera, Eskola Kirola birpentsatuko dute datozen hilabeteotan. Pixkanaka, eskola kirola zein norabidetan jarri nahi den adostu nahi dute eskola kirolean parte hartzen duten eragile eta kolektibo guztien artean. Zestoako ordezkari gisa, Nerea Odriozola, zinegotzia eta Ainhoa Canseco, Ekain Guraso Elkarteko kidea izan ziren bertan.

Futbolak, eskubaloiak eta saskibaloiak izan dira eskola kiroleko protagonista orain artean. Pandemia dela-eta bestelako kirol jarduerak txertatu badituzte ere, planteamendu osoa birpentsatzeko beharra ikusi dute herriotan. Aldaketa horiek txertatzen hasiak badira ere, hausnarketa sakonagoa behar dela uste dute, bestelako gaiei ere heltzeko. Hala nola, lehiakortasuna edota entrenatzaile eta hezitzaileen formakuntzan aldaketak egin nahi dituzte.

Aspalditik datozen galderak erantzun nahi dituzte guztien artean. Eskola Kirolaren Kontseiluak, herri hezitzaileen sarearen aholkularitzaz baliatuta eta beste zenbait herritan egiten ari diren bezala, eskola kirolaren inguruko hausnarketa abiatu dute. Talde txiki bat sortu dute horretarako, lanketa diseinatu eta adostasunak bilatzeko.

Galdetegiak, diagnostikoa osatzeko

Egungo egoeraren inguruko iritziak jasotzeko, eskola kirolean parte hartzen duten kolektibo desberdinen iritzia jasoko du Eskola Kirolen Kontseiluak. Diagnostikoa egiteko zenbait galdetegi prestatu dituzte, eskualdeko udalerri guztietan beteko direnak. Online galdetegiak izan dira, eta eskolen zein elkarteen bidez zabalduko dira. Galdetegi bat haurrei zuzendutakoa izango da; beste bat gurasoei zuzendutakoa; hirugarren galdetegia kirol elkarteetako kideek, eskola kiroleko koordinatzaileek eta entrenatzaileek beteko dute; azken galdetegia, guraso elkarte zein zuzendari taldeek bete beharko dutena izango da. Galdetegiak martxoaren 5etik 12ra bitartean bete beharko dira. Erantzunak jasota, talde eragileak emaitzak interpretatu eta ondorioak aterako ditu, hausnarketaren hurrengo pausoak zehazteko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide