Albisteak

“Esnatu ala hil” aurkeztu zuten Arroabean euskararen egoera datu argiekin azalduz

Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan, Esnatu ala hil; Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuaren aurkezpena egin zen atzo Arroabean. Saioa Garikoitz Goikoetxea kazetari eta idazleak gidatu zuen, eta euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa partekatu zuen bertaratutakoekin, arnasguneei buruz egindako ikerketako datuak azalpen argi eta ulerterrazen bidez aurkeztuta.

Egileak azaldu zuenez, liburuan hainbat gai jorratzen dira, euskararen erabilera, hizkuntza gaitasuna, atxikimendua, hizkuntzaren bilakaera, sozializazioa eta aldaketa demografikoak, besteak beste. Datuen arabera, euskaraz hitz egiteko gaitasuna handia bada ere, erabilera ez da maila berean hazten, eta bien artean amildegi bat sortzen da. Hala ere, atxikimenduak, euskararekiko jarrera onak eta hizkuntza sustatzeko borondateak, indargune nagusietako bat izaten jarraitzen du.

Goikoetxeak azpimarratu zuen kezka berezia sortzen duela belaunaldi berrien artean euskararen inguruan barneratua duten errelatoak: zergatik eta zertarako erabili euskara. Era berean, euskararen eguneroko erabileran erantzukizuna duten profesionalek “kudeatu beharreko patata beroa” sentitzearen kezka adierazi zuen, hizkuntza biziberritzeko estrategiek erronka berriak dituztela adieraziz.

Hitzaldian zehar, ikuspegia aldatzeko beharraz aritu zen. Egilearen arabera, ez da soilik jendeak euskaraz egiten duen ala ez aztertzea, baizik eta zein aukera dituen euskaraz egiteko. Horregatik, euskararen alde dabilenari, autozigorrik gabe jarduteko deia egin zuen, egoeraren konplexutasuna ulertuta; izan ere, euskararen alde tiraka ari diren bitartean, kontrako norabidean eragiten duten faktoreak ere ugari direla nabarmendu zuen.

Azkenik, ohartarazi zuen azken urteetako joerek atzeranzko arriskua erakusten dutela, “laino ilun batzuk” ageri direla datuetan. Hala ere, baikor azaldu zen, lehen ere euskararen etorkizunari buruz antzeko iragarpenak izan direla gogoratuta. Aurreko belaunaldiek joera horiek irauli zituzten bezala, oraingoan ere norabidea aldatzeko aukera badagoela iradoki zuen. Horren harira kokatu zuen liburuaren izenburua: Esnatu ala hil, euskararen etorkizuna aktiboki lantzearen premia azpimarratzeko. Amaieran, bertaratutakoek euren kezkak eta hausnarketak partekatu zituzten egilearekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide