Paperekoa

ESNATZEN – Itsaso Zubiria

Kuriosoa da jarrera batzuk urte gutxian nola aldatzen diren ikustea. Diruak eta diru-ezak zer egiten duen… Bere haurtzaro eta nerabezaroa garai oparoenetan bizi izan dituen honi orain tokatzen ari zaio ikustea eredu oso baten gainbehera, “inoiz desegonkortuko ez zen” egoera baten lurrikara, gizarte oso baten desestrukturazioa.

Baina agian ondo etorriko zaigu (eta ez interpretatu gaizki nire hitzak, mesedez, ez diot inori miseriarik opa). Ondo etorriko zaigu herri bezala, herri hitzak barnebiltzen duen guztian. Azken oparotasun garaian mozkortuta bizi izan baikara. Errealitatetik aldentzen zen amets batean. Eta esnatu eta lurra jotzeak min egiten du, nahastu, frustratu; baina jaiki ere egiten gara esnatzean, begiak ireki eta mugitzen hasi. Mugitu beharra daukagulako. Ametsetan arazorik bagenuen beste norbaitek konpontzeko eskatu eta hala gertatzen baitzen, dirua baikeneukan; errealitatean ez bezala. Gaur ez bezala. Diru-laguntzak gutxitzen doaz, murrizketak nabari alde guztietan, eta herrigintzak, nola ez, batzuentzat bigarren mailako garrantzia du.

Eta kontua ez da urte txar batzuetako amesgaiztoa pasa eta lehengora itzultzea, ezinezkoa baita, arazoa hori baino sakonagoa da. Herri bezala astintzen, sortzen eta eraikitzen hasteko garaia da. Txikitik ekinda. Lehen aipatutako herri hitz horrek barnebiltzen dituen sektore guztietan: hizkuntzan, energian, ingurumenean, feminismoan, sozioekonomian, kulturan… Asko baitugu irabazteko, eta guk egiten ez badugu ez baitu inork egingo. Autogestioan eta elkartasunean oinarrituz herri bat beste eredu batean antolatu baitezakegu. Gure kabuz ala hil.

Bada, amets orgasmikoaren ondorengo esnatze lana luze xamar badoa ere, hasi naiz Zestoan lehen printzak ikusten. Zestoako Txoko Feminista lehen pausoak ematen hasita dago emakume talde bat elkartu eta herriko behar batzuei feminismotik erantzun nahian. Eta Zestoako egoera sozioekonomikoaz arduratuta beste talde batek ere ekin dio arbolak astintzeari. Asko dago egiteko baina Zestoa mugitzen hasia da.

Itsaso Zubiria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide