Albisteak

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko, larunbaterako

UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek agerraldia eskaini zuten atzo, ostegunez, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Beste behin ere, Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute, “izan ere, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian”.

Argazkia: UEMA

Euskara larrialdi linguistikoan dagoela azaldu du UEMAk, “baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar” diote. Hizkuntza asko desagerrarazi egin dituztela eta euskararekin ere ahalegina egin dutela salatu dute, “gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua”.

Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa izatetik haratago, “azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean” azaldu dute.

Elkartzeko deia

Epaiak udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez, elkarretaratzeko deia egin dute eta udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrei ere dei egin diete, epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen. Euskararekin bat lelopean, bihar, larunbatez, izango dira elkarretaratzeak, 12:00etan herri guztietako udaletxe aurrean.

Zestoan ere hainbat eragilek adierazi dute beren atxikimendua UEMAren salaketa eta elkarretaratze deialdiarekin bat eginez: Zestoako Udala, Portale Kultur Elkartea, Danbolin, LAB, Zestoako EAJ, Zestoako EH Bildu, Zestoako AEK, Zestoako Tabernarien Elkartea, Agiro Mendi Taldea, Zestoako Futbol Eskola, Zestoako dantzariak, Ekain Guraso Elkartea, Zestoako Sare, Bertso Eskola, Abantzu Pilota Kluba, besteak beste.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide