Albisteak

Etxe giroan aurkeztu zuen atzo Amancay Gaztañagak “Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa” liburua.

“Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa” liburuko pasarte bat irakurriz eman zion Amancay Gaztañagak liburuaren aurkezpenari sarrera. Aritz Cestona izan zuen lagun aurkezpen soila izan nahi ez zuen solasaldian. Giro goxo eta erosoan, bertaratuek ere galderak egin zituzten, eta solasaldiaren parte izan ziren. Martin Martinarentzat omenaldi bat da liburua, askatasunera bideak ireki zituenarentzat. Baita liburua idazten ari zela gaixo zegoen amona Angelesentzat ere. Betirako jasota utzi nahi izan zuen idazleak nolako letxefritak egiten zituen. Azkenik, omenaldi bat izan nahi du Amancay nerabearentzat ere, idazleak aitortu zuenez, bere nerabearekin konektatzea oso baliagarri izan zaiolako liburua idazterako orduan .

Gazteen irakurzaletasunari buruzko hausnarketa txikia egin zen hasieran. Euskal mitologiari buruz, sortzaileen prekarietateaz eta beste hainbat gairi buruz ere aritu zen Gaztañaga. Cestonak galdetuta, idazleak aitortu zuen, inspirazioa sauna bat bezalako leku xelebreetan etortzen zaiola askotan, eta ekarri ezinda ere ibiltzen dela, tarteka. Horrelakoetan olio usaintsuak eta tarota erabiltzen dituela esan zuen. Horiek eta konta ezin diren beste hainbat sekretu intimo ere kontatu zituen Amancayk atzokoan.

Liburuko protagonista, Martin Martina ,bere aitarekin hirian bizi den 13 urteko nerabea da. Institutuan egindako zerbait tarteko, zigortu egiten dute, eta bere aiton amonen herrira uda pasatzera joango da. Denborarekin konturatuko da herri txiki horretan bizitza asko dagoela eta sekretu asko ezagutzeko. Gazteei begira idatzitako liburua salgai dago liburu dendetan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide