Etxeko garaia

Egun on!

Etxean egotea tokatu zaigu oraingoan, eta hori birus txiki batek lortu du! Nork esango zigun orain hilabete batzuk Txinan zuten egoera gurean ere izango genuela… Baina tira, iritsi da eta guk ere ahal dugun moduan kudeatu beharra izango dugu. Batzuk errazago eramango dute, beste batzuei gehiago kostako zaie. Egia da egoera ezberdinak ditugula denok: metro karratu gutxitan ume txikiekin daudenak, gaixotasunak dituztenak, antsietatea sortzen zaienak…

Ez dakigu noiz amaituko den berrogeialdia, nola izango den normaltasunerako itzulketa. Bitartean, tarte honetan, egoera zaurgarrienan bizi direnak are eta zaurgarriago izango dira. Nere ustez, guk ez dugu zertan kexatu oinarrizko beharrak asetuta ditugu eta. Majina bat egongo dira gu baino okerrago, noski. Horregatik, egoera zailenak iristen direnean, elkar lagundu beharra oraindik eta garbiago ikusten dut. Azkenaldian aipatzen ari diren “bizitza erdigunera”,  “bizitza da handiena” eta horrelako leloen esanahia ulertzea errazago izaten ari da.

“Txarrenari onena atera”, kanta batean agertzen den esaldia da. Guk ere hori egin beharko genuke, iruditzen baitzait hemendik zerbait positiboa atera beharra dugula. Ikusi behar dugu gure lurrak ze arnas hartu duen gu gelditu garenean; kutsadura zenbat murriztu den; zaintza lanetan, osasungintzan, janari dendatan… lanean ari direnen esfortzua zenbaterainokoa den. Espero dut ikasgaiak balio izatea, nahiz eta iruditzen zaidan berriro berdinera bueltako garela. Zeinen ederra izango litzakeen “normaltasunera” iristen garenean, aurretik genuen “normaltasun” berbera ez izatea!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide