Albisteak

Euskal Herriko Musika Bulegoak Arineketan ikuskizuna saritu du

Jagoba Astiazaran eta IƱar Sastreren Arineketan ikusikizunak Euskal Herriko Musika Bulegoa saria jaso berri du. Gaur arratsaldean egin dute sari banaketa Biarritzeko Atabal aretoan. Guztira, 107 proposamen aurkeztu dituzte sarietara eta horietatik 10 saritu dituzte gaur, kategoria ezberdinetan. Astizaran eta Sastrek Arineketan lanaren emanaldiagatik jaso dute saria. Korrontzi, Izaro edo Sara Zozaya izan dira beste sarituetako batzuk. Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak sortu zituen sariak 2016an eta lehen edizio hartan beste zestoar batzuk saritu zituzten, Rural Zombieseko kideak, hain zuzen.

Astiazaranek azaldu digu “oso pozik” daudela sariarekin. Iragan urrian aurkeztu zuten Arineketak lana eta ordutik dozena bat pasa emanaldi eskaini dituzte: “Emanaldiak pixkanaka osatzen joan gara, hasierako osagai berdinak ditu baina gero, aretoetara gehiago zabaldu dugu. Uste dugu ahoz ahokoak funtzionatu duela gure kasuan eta denbora gutxian areto askotatik pasa gara” azaldu dute. Etxeko plazetan hasi zirela diote eta gero, pixkanaka, zabaltzen joan direla.

Gaurko saria, bereziki, gazteei eskaini nahi izan diete Astiazaran eta Sastrek. Saria jasotzerako orduan gaztediaren aldeko aldarrikapena egin dute musikariek. Arineketan proiektua osatzen duten lantalde osoari eskaini diote saria. Bestalde, publikoari eskerrak eman nahi izan dizkiete: “Eskerrak eman nahi dizkiogu publikoari, proiektu honetan sinestera animatu gaituelako eta proiektu honek pena merezi zuela erakutsi digutelako” gaineratu dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide