Albisteak

Euskal selekzioarekin beste nazioarteko hitzordu bat Naroa Agirreren ibilbidean

Arroagoiko Naroa Agirre pilotaria Euskal Pilota Selekzioarekin lehiatuko da gaurtik igandera, apirilaren 6tik 12ra, Argentinako Mendozan jokatuko den XI. Munduko Esku Pilota Txapelketan. Arroarrak nazioarteko ibilbidea sendotzen jarraitzen du, azken urteotan mundu mailako txapelketetan parte hartuz.

Joan den ostiralean, apirilak 3, aurkeztu zuten Euskal Selekzioa AbadiƱon, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren egoitzan. Aurkezpenean jakinarazi zutenez, 31 lagunek osatuko dute Mendozara bidaiatuko duen ordezkaritza: 22 pilotari, lau hautatzaile, fisioterapeuta bat eta federazioko lau ordezkari. Zerrenda horretan dago Naroa Agirre.

Agirrerentzat, ez da nazioarteko lehen esperientzia. Iaz Mexikon jokatutako 23 urtez azpiko Munduko Frontball Txapelketan aritu zen, eta orain absolutuen mailan lehiatzeko aukera izango du, Euskal selekzioaren elastikoarekin.

Gaur arratsaldean hasiko da txapelketa inaugurazio ekitaldiarekin, eta igandera bitartean jokatuko dira partidak. Munduko Esku Pilota Txapelketa nazioarteko egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta modalitate ezberdinetako pilotari onenak elkartzen ditu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide