Paperekoa

EZKUTUKO GAITZA MIKROMATXISMOA – Lierni Arrieta

Printzipioz, denok gaude eraso sexista larrien aurka. Baina, horiek gertatzen direnean ere, ez da gehiegi arakatu behar gure gizartean jarrera matxistak entzuteko: “Zer ari zen neska han?”, “Zertan zebilen emakumea harekin?”, “Benetan egia izango da?”. Ardurak, erruak eta lotsak emakumeen bizkar gelditzen dira. Iceberg edo izotzezko mendiaren punta omen dira eraso larri horiek eta ur azpiko izugarrizko izotz puskak mantentzen ditu uretatik kanpo eta agerian eraso larriago hauek. Bada garaia ezkutuan edo oharkabean pasatzen zaizkigun jarrera mikromatxista horietaz jabetzeko, benetako jendarte berri bat eraiki nahi badugu behintzat.

Mikromatxismoa: emakumeen gain eragiten diren boterezko bortxa eta kontrol ekintza txikiak dira eta oso normalizatuak daudelako, nabaritzen ez ditugunak. Norbanakoaren oreka psikologikoa, botere pertsonala eta autonomia murrizten duten estrategia eta amarru errepikakor eta maltzurrak dira.

Bortitza egin zait niri: Jaio orduko, zast!, belarritakoekin neskatoa apaintzeko bi zulo! Gero zaintza dator, eta hor ere emakumeen dohainak berezkotasun absolutuak itsututa gauzka. Gertaera fisiologiko bakarra dago: zaintza horretan bularrak amak ditu eta hori asko izan arren, ez da ba zaintza eta heziketarik gelditzen…

Mila aurpegi ditu jendarte matxista ezkutu horrek: Hizkera erabilera sexista, emakumeei eta bere sexualitatearen inguruko txantxa eta txisteak, jeloskortasuna maitasunaren barne hartzea, bikotearen kontrola (ordutegiak, janzkera, mugikorra…) etxeko lanetan eta zaintzan ardurak ez hartzea. Pertsona gutxiesten duten isiltasun eta begiradak, txantaje emozionala, kontrol ekonomikoa, paternalismoa… Azpikeria mikromatxisten zerrenda amaiezina da.

Larriena da mikromatxismo horiek oharkabean pasatzeko duten abilezia. Hain ditugu ahoratu, dastatu, irentsi eta barneratuak zein, gure zeluletako mitokondria bakoitzean itsatsita dauzkagula. Eta aireko nitrogenoa bezala, biriketatik arnasten dugu.

Bada garaia, betaurreko moreak jantzi eta amets moreak egitekoa. Haur, neska gazte, emakume, zahar eta planetako eme guztiei esango nieke: Zoragarriak zarete! Zareten bezalakoak eta izan nahi duzuen bezalakoak!

Lierni Arrieta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide