Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Feel My Way Kooperatibako ekintzaileek antolatutako Zuk Zeuk Lehiaketa bere zazpigarren ediziora iritsi da. Lehiaketa honek Euskal Herriko 300 gazte inguru bilduko ditu, eta bere helburu nagusia Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotutako erronkei aurre egitea da.
Lehiaketaren formatua eta helburua
Lehiaketa “blended” formatuan egingo da, hau da, online eta offline ekintzak uztartuz. Alde batetik, online plataforma erabiliko dute euskarri gisa; bestetik, ekintzak modu praktikoan burutuko dira hainbat testuingurutan, hala nola eskolan, familian, kuadrilan edo herrian/hirian.
Lehiaketan zehar, hainbat gai landuko dituzte: energia berriztagarriak, balioekin jokatzea, lehen sektorearen garrantzia eta mugikortasun iraunkorra. Gazteek gai horiei lotutako inpaktu-jarduerak garatuko dituzte, eta talde bakoitzak puntuak lortuko ditu ekintza horien kantitatearen eta kalitatearen arabera. Otsailaren 28an amaituko da puntuazio-prozesua, azken sailkapena osatuz.
Zuk Zeuk Lehiaketa apirilaren 4an amaituko da bere osotasunean, Gasteizen egingo den itxiera-ekitaldi batekin. Lehiaketan parte hartu duten gazte guztietatik, 100 gazte onenek ekitaldi horretan parte hartzeko aukera izango dute. Jardunaldi berezi horretan, beste taldeak ezagutzeko eta lehiaketari modu ludiko batean amaiera emateko aukera izango dute.
Feel My Way Kooperatiba
Feel My Way Kooperatiba 14-18 urte bitarteko gazteentzat esperientzia ezberdinak sortzen dituen enpresa da. Hala nola, programa hezigarriak, ikas bidaiak…Hezkuntza programetan, Feel My Way Kooperatibak Euskal Herriko gazteei zein ikastetxeei zuzendutako hainbat gaien inguruko ekimenak sortzen ditu. Programa horietako bat Zuk Zeuk Lehiaketa da. Honen bitartez lortu nahi da, pixkanaka-pixkanaka, gazteek eguneroko erabakiak modu kontzienteago batean hartzea, eta beren ingurunean non eta nola eragin dezaketen ikustea; eragin hori hasiera batean uste dutena baino askoz ere handiagoa izanik.