Albisteak

Felipe Suarez eta Fede Astillerosen kasuaren inguruko dokumentala egingo du New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak

New Digital Media Euskadi ekoiztetxeak egingo du EITBrentzako dokumentala. Bertan 1976an Guardia Zibilak tiroz hil zuen Felipe Suarez Correoseko langilea eta Federico Astilleros bere lagunaren kasua landuko da.

EITBk hitzarmen bat du Gogora Institutuarekin eta hitzarmen horren baitan ari dira grabatzen lana. New Digital Media Euskadi ekoiztetxeko Begoña Atin Arratibel eta Maite Ibañez Gomezek azaldu dute dokumentala “balore handiko lana” izango dela. “Dokumentu aldetik balore handia izango du baina baita pertsonalki ere;  Valentina Perez Palentziatik etortzea lortu dugu lehen aldiz hura gertatu eta gero”. Gaur goizean Zarauztik Zestoarako bidea autoz egin dute eta ezbeharra gertatu zeneko toki beretik pasa dira. Atinen esanetan, “momentu oso polita izan da bi alargunek elkarri besarkada eman diotenean. Suerte bat da hau lortu eta bizi izana eta oso eskertuta gaude”.

Lili Jauregian ere egingo dituzte grabaketak, Marian Astilleros Federicoren alaba eta Felipe Suarez semarekin. Batez ere orain artean horren isilik eta ezkutatuta izandako gaiari errekonozimenduak eman dion ikusgarritasunaz arituko dira han. Elkarrizketa hauen osagarri, legeak errekonozitutako beste kasu batzuk ere landuko dira dokumentalean. Kasu guzti hauek aztertzen, onartzen eta balidatzen ibiltzen den komisioko kideak ere elkarrizketatu nahi ditu ekoiztetxeak. Komisio horretan daude, besteak beste, Pako Etxeberria eta Monica Hernando.

ETB1en estreinatuko dute lana azaroan eta aurrerago, ETB2an ere emango dute dokumentala. Bestalde, Gogora institutuak dokumental hau jarduera pedagogikoetarako erabiliko du.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide