Festen balorazioa
— 2023-09-17Jai-giroak emakumeonganako erasoak normalizatzeko eta areagotzeko testuingurua sortzen du. Gero eta ohikoagoak dira ukituak, jarraipenak, hitzezko erasoak, bortxaketak eta abarrak. Horren aurrean, instituzioek berdintasuna aldarrikatzen duten arren, egiaz ez dute honi aurre egiteko baliabiderik eskaintzen (edo oso mugatuak dira), eta are gutxiago, arazo honi soluzio erreal bat ematen. Hori dela eta, Itaiatik Indarkeria Matxistaren Aurkako Asanblada sortu genuen, gure herrian Indarkeria Matxista zein formatan gauzatzen den identifikatu, horren inguruan hausnartu eta, batez ere, horri aurre egiteko gure tresna propioak sortzeko. Azken horren adibide da herriko festetan bi urte jarraian abian jarri dugun protokoloa.
Protokolo horren bidez hainbat emakumerengana heldu ahal izan dugu, jakitun izanik, ziurrenik beste eraso asko isilean gertatu direla edota ohartu ere egin gabe; izan ere, gaur egun bizi dugun eraso matxisten normalizazioak dakarren ondorio lazgarrietako bat erasoa pairatzen duen emakumearen hitza zalantzan jartzea edota erasotua izan den edo ez zalantza eginaraztea da. Egoera hau izanik, asanbladari ezinezkoa egiten zaigu festak ongi joan direla esatea. Gertaerok ordea, ez ditugu kasu isolatutzat ulertu behar, ez dira ausaz gertatzen. Arazoa egiturazkoa da eta, beraz, erantzuna ere dimentsio berean eman behar da. Asanbladako kideok argi dugu emakumeenganako zapalkuntzari aurre egiteko ezinbestekoa dela gizarte honekin errotik amaituko duen estrategia bati jarraitzea, erreformek epe motzerako onurak ekartzen baitituzte soilik.
Ildo horretatik, esan beharra dago asanbladan parte hartu dugun kideok diziplinaz bete dugula gure jarduna, guk geuk gizarte hau pixkanaka suntsitu eta zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzeko hautua egin dugulako, eta egunerokotasunean norabide horretan borrokatzen jarraituko dugu. Laster izango duzue gure berri.
Indarkeria matxista orori aurre egin!
Egin zaitez bazkide