Albisteak

Festetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du Udalak

Zestoako Udalak Amabirjin jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa martxan jarri du. Bakoitzak gehienez hiru lan bidal ditzake eta lan hauek aurkezteko azken eguna abuztuaren 2a izango da. Lehiaketan parte hartzeko Zestoan erroldatuta egotea beharrezkoa dela jakinarazi du Udalak. Gainera, lanak jatorrizkoak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dutela azaldu dute eta 21 x 21 zm neurrikoak.

Lanek ondorengo testu hauetariko bat eraman beharko dute: Zestoa Amabirjinak 2019, Zestoa Herri Jaiak 2019 edo Zestoa Festak 2019. Lan bakoitzarekin batera, karta-azal baten barruan, egilearen datuak eta Nortasun Agiriaren zenbakia idatzi beharko dira. Lanaren atze aldean berriz, Nortasun Agiriaren zenbakia. Hori guztia (karta-azala lehiakidearen datuekin eta aurkeztu behar den lana), beste karta-azal baten barruan aurkeztuko dira.

Epaimahaia Kultura eta Ondare Batzordeko kideek eta hauek izendatutako beste aditu batzuk osatuko dute eta irabazleak 250 euroko saria jasoko du.

Egitarauaren diseinua eta maketazioa

Bestalde, norbait festetako egitarauaren diseinua eta maketazioa egiteko interesaturik balego, datorren uztailaren 23an Zestoako Kultur Etxean egingo den bilerara bertaratzeko deia egin du Udalak. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan finkatu dute eta bertan argibide gehiago jasotzeko aukera izango da.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide