Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Gabon Abesbatzak aurten ere Zestoako kaleak alaitu zituen abenduaren 24an. San Joan Egoitzatik abiatu, Gisasolara joan eta kalerik kale aritu dira, gabon kanten bertsio ederrak lau ahotsetan eskainiz.
Aurtengo hitzorduak, gainera, bi une berezi izan zituen. Izan ere, San Joanetik atera berritan, “Andereño Begoña” (Begoña Unanue) bere etxetik atera eta omendu egin zuten, urte luzez Gabon Koroaren antolakuntzan egindako lan eskertzeko. Abesbatzako kideek gabon kantu gustukoena eta bertso hunkigarri bat eskaini zizkioten, eta ondoren herriko trikitilari eta panderojoleek ere bat egin zuten omenaldiarekin. Argazkia eta lore sorta eman zizkioten, eta muxu eta besarkadak ez ziren falta izan.
Ondoren, abesbatzak bere martxari jarraitu zion, eta plazan amaitu aurretik bigarren omenaldi bat ere egin zuten. Aurten zendu den Alejandro Bergara, urte luzez abesbatzako zuzendari izandakoa, omendu zuten Erdikalean. Udaletxe azpian amaitu zuten kantaldia herritar askoren aldamenean.








