Albisteak

Gabon oporrak gozatzeko Arroabean txontxogilo eta magia ikuskizunak haurrentzat

Sakulupe Guraso Elkarteak eta Ezkaizto Auzo Elkarteak elkarlanean gabon hauetarako bi ikuskizun antolatu dituzte Arroabean.

‘Andrina Basandrina’ ipuin-kontaketa egongo da datorren larunbatean, abenduaren 30ean, Zurrumurru antzerki taldearen eskutik, arratsaldeko 18:00etan, Arroabeko Eskola Zaharrean; 4-9 urte bitarteko haurrentzat dago zuzendua.

Andrina, maitagarrien mundutik dator helburu batekin: iratxoen printzesa babestea ‘maitagarri amandre’ titulua lortzeko. Ez da erronka erraza Andrinari ikastea ez zaiolako batere gustatzen; nahiago ditu ipuinak. Printzesa bihurriak, gainera, beti milaka abenturatan nahasten da. Maitagarri, iratxo, edabe magiko, sorginkeria eta misterioz betetako mundu zoragarri batean murgilduko du publikoa.

Urte hasieran, urtarrilaren 3an, ‘Iago Mago’ deituriko magia emanaldia egongo da, 18:00etan, Arroabeko Eskola Zaharrean. Iago Magoa oso gaztea izanik aretoak liluraz betetzeko gaitasun handia duela erakutsi du orain arteko ibilbidean eta magia euskaraz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide