Garesera bisita Argiola energia komunitatetik
— 2023-10-12Joan den irailean Garesera bisita egin genuen Argiola energia komunitatetik. Zestoatik zazpi laguneko taldea bertaratu ginen eta GaresBide energia komunitateko Txetxu eta Carlosek hartu gintuzten bertan. GaresBideren sorreraz, gaur arte eginiko bideaz eta egungo erronkez jardun zuten, Gareseko kokapen interesgarriak bisitatzen genituen bitartean. GaresBide energia komunitatearen sorrerarako lehen pauso garrantzitsua izan zen GaresEnergia elkartea sortzea 2018an. GaresEnergia 15 herritarrek osatutako elkartea da, energiaren arloaz gain, trantsizio ekologikoari lotutako beste hainbat gai lantzen dituena (izenagatik kontrakoa badirudi ere). GaresBideren sorrera GaresEnergiako kideek sustatu zuten, Garesko Udalaren laguntzarekin. Herritar ugarik parte hartu zuen prozesu baten bidez osatu zen kooperatiba. GaresBiden herritar oro egin daiteke bazkide. Orain arte, IDAE-ren dirulaguntzek, bazkideen borondatezko ekarpenek, eta Fiare bankuaren mailegu baten bidez lortu dute lehen proiektua martxan jartzeko finantziazioa. Hainbat gako aipatu zituzten halako prozesu batek aurrera egiteko. Euren ustetan, Udalarekin elkarlanean jardutea funtsezkoa izan da beraientzat. GaresBide eta Udala erabat independenteak badira ere, bidea elkarlanean egin dute. Adibidez, Udalak, frontoiko teilatuaren zati bat GaresBideri utzi dio honek eguzki-panel instalazioa egin dezan, ondorioz, teilatuaren erabilera horren truke Garesko etxebizitza sozialek instalazio horretatik argindarra jasoko dute. Prozesua herritarrekin egitea izan da beste puntu garrantzitsua, herritarren inplikaziorik gabe ez baitago bertako energia-komunitate bat aurrera eramaterik. Talde eragile sendo batek proiektuaren bideragarritasuna pertsona konkretuen menpe egotea saihesten du, eta aurrera egiteko aukerak ugaritu. Guztien ekarpena da garrantzitsua, edozein neurritakoa izanda ere. Halaxe dio beren leloak: “ahal duzunean, ahal duzuna!”.
Egin zaitez bazkide