Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Eskuz esku, hitzez hitz, euskara Zestoaren zumitz lelopean, Zestoako AEK-k eta Danbolinek urteurren festa ospatuko dugu gaur arratsaldean, Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuta. Ez da edonolako ospakizuna izango: AEK-k 10 urte betetzen ditu eta Danbolinek 25. Bi ibilbide, helburu berarekin: euskara bizirik eta indartsu mantentzea.
Festan denetarik egongo da: fotocall-a, musika, bingoa eta, noski, jan-edana, giro ederrean ospatzeko. Hasiera batean bakarrizketa saioa izango zela iragarri bagenuen ere, Miren Nogalesek berak argitu du gaurkoa ez dela monologo hutsa izango. Zer prestatu ote du gaurko arratsalderako? Erantzuna jakiteko, 18:30ean udaletxeko arkupeetara gerturatu beharko dute zestoarrek.
Horrez gain, aukera apartak ere izango dira: 24. Korrikako arropak erosteko aukera, eta baita Danbolinen 2026ko egutegia ere. Egutegiarekin batera, hura osatzen duten ilustrazioen erakusketa ikusi ahal izango da, artea eta euskara eskutik helduta.