Gaur eta bihar, Azpeitian eta Zumaian, Adrian Almazan: “Krisi Sistemikoan gaude… Hego Euskal Herriko ekonomia eredua aldatu eta hobe daiteke…”

Lanaren eraldaketa ekosoziala Euskal Herrirako hitzaldia emango du Adrian Almazan filosofia irakasle eta Ekologistak Martxan taldeko kideak. Azpeitian gaur izango da hitzaldia, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean; Zumaian, berriz, bihar 18:00etan, Aita Mari aretoan.

Hitzaldiaren aurkezpenean krisi ekonomiko eta sozialari egiten diozu erreferentzia. Zer esan nahi duzu, zehazki, horrekin?

Beti entzun dugu jendea klima aldaketaz edo pobrezia energetikoaz hitz egiten, baina garrantzitsuak ondorengo bi puntuak dira. Lehenengoa da krisi sistemiko baten aurrean gaudela, hau da, aipatutako arazo horiek ez direla kasu isolatuak. Ekonomia oso berezia dugu, eta gure bizitza hazkunde ekonomikoaren menpe dago. Ekonomiak hazten jarraitzeko beharra dugu enpresek, estatuak eta abarrek funtzionatzen jarrai dezaten. Arazoa da hazkunde ekonomiko hori ez dela doakoa. Funtsezko bi baldintza ditu: lehenik eta behin, ekonomia hazteko, hazi egin behar da energiaren kontsumoa ere, eta energiaren erabilera horrek etengabeko gatazkak sortzen ditu. Hazten jarraitzeko, energia gehiago behar dugu beti, eta horretarako, mugatuak diren baliabideak agortzen eta arraroagoak bihurtzen ditugu.

Horrez gain, bigarren puntu bat ere badago. Izan ere, hazkunde ekonomikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da degradazio ekonomikoa; guk aztarna ekonomikoa deritzoguna.

Hain zuzen ere, baliabideen kontsumo horrek beti dauka dimentsio suntsitzailea. Metal gehiago nahi badugu, horretan jardun behar dugu; egur gehiago nahi badugu, gehiago moztu behar dugu; eta horrela, beste gauza askorekin. Horren erruz, suntsipen dinamikan sartzen ari gara; bizitza suntsitzen ari gara, eta biodibertsitatea izugarri galtzen ari da. Espezieak erritmo bizian ari dira desagertzen, ekosistema eta planeta suntsitzen ari gara. Ia mende bateko antzinatasuna duen eta denbora guztian okerrera egiten duen krisi ekologiko eta sozialaz hitz egiten ari gara, behar horietatik eta hazkunde ekonomikoaren dinamika horretatik ateratzen ez garelako. Gizartea ekodependentea da, hau da, ezin gara naturarik gabe bizi; osasun ona izateko, egonkortasuna izateko, baliabideak lortzeko eta energia eskuratzeko behar dugu. Beraz, krisi ekologiko horrek aurrera egiten duenean, krisi sozialak ere gora egiten du. Lehorte arazoak ditugu eta horrek, adibidez, elikagaiak ekoizteko arazoak dakartza. Oinarri soziala duen krisi ekologikoa da honakoa.

Norbanako modura egiten ditugun ekintzek (birziklatu, plastiko gutxiago erabili, erosketetarako telazko poltsak erabili…) uste bezainbeste onura eragiten al dute?

Argi dago ezetz. Hau da, ekonomiak sistematikoki hazi behar duen gizarte batean bizi gara; kapitalismo eredu batean, alegia. Fase berri honen ezaugarrietako bat da ulertzen saiatzea gizabanakoak duela garrantzia konponbidean; bere kontsumo eredua alda dezakeen eta bere egunerokotasuna alda dezakeen gizabanakoak. Hala ere, aldaketak kolektiboa izan behar du, eta behar ditugun eraldaketek egiturazkoak izan behar dute. Horretarako beharrezkoa da ulertzea, baita ere, indibidualki egiten ditugun kontsumo aldaketa horiek (telazko poltsekin erosketak egitea, adibidez) batzuetan arazoa areagotzea dakartela. Funtsean, gure gizartea berrantolatu behar dugu, baita ekonomia ere, eta gure lehentasunak zeintzuk diren argi izan.

Euskal Herriko kontsumo eredua jasangarria eta eredugarria al da?

Hego Euskal Herriko ekonomiaren egiturak nola funtzionatzen duen aztertu genuen duela gutxi. Bertako sektoreak aztertu genituen, baita haiek duten eragina eta garrantzia ere. Ikerketa horretatik atera genuen ondorioetako bat izan zen Hego Euskal Herriko ekonomia eredua ez zela beste herrialde aurreratuetakoen aldean ezberdina. Hemengo aberastasuna kanpotik prezio baxuetan erositako baliabideetatik dator (metala, adibidez). Baliabide horiek beste ekoizpen batzuetarako erabiltzen dira; beren balioa handitzen da, eta azkenik, horiek esportatu egiten dira. Hemengo ekonomia eredua ezberdina dela esateko, garrantzi handieneko sektorea nekazaritza izan beharko litzateke, adibidez.

Arazo horiei aurre egiteko proposamenak egingo dituzu hitzaldian.

Bai, hori da. Hitzaldian Hego Euskal Herriko ekonomiaren inguruko analisian ateratako ondorioen inguruan hausnartuko dugu, eta aldaketaren nondik norakoen bueltan hitz egin. Lehenik eta behin, garrantzitsua iruditzen zaigu zaintza lanen aitortza egitea. Izan ere, Hego Euskal Herrian ordu gehien kontsumitzen dituen lanbidea da zaintzarena; %50 baino gehiago, eta ordaindu gabeko lanak gehituta, %60tik gora litzateke kopurua. Bestetik, turismoaren, eraikuntzaren eta garraioaren murrizketan eragin nahi dugu. Esaterako, eraikin berriak egin beharrean, daudenak birgaitu beharko genituzke. Gauza ez da sektore batzuk desagerraraztea, sektore horiek eraldatzea baizik.

Zein da hitzaldiaren helburua, edo zer da hitzaldiarekin lortu nahi duzuna? Zer nahi duzu ikastea hitzaldira bertaratzen direnek?

Bertaratzen direnek ulertu behar dute oso momentu konplikatuan gaudela, baina aldi berean, aldaketari ekiteko une oso garrantzitsua ere badela. Klima aldaketak dakartzan ondorioez jabetzen hasi gara jada, eta, beraz, beharrezkoa da aldaketa orain egitea. Momentu garrantzitsua da erabakiak hartzeko. Hitzaldi hauekin herritarrei alternatibak mahaigaineratu nahi dizkiegu, eta Hego Euskal Herriko ekonomia eredua aldatu eta hobe daitekeela erakutsi. Horretarako, noski, norbanakoaren interesa eta inplikazioa beharko dira, baita energia eta baliabideak ere. Baina ez da ezinezkoa.




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg