Albisteak

Gazte Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin dute Donostiako Gotzaindegiaren parean

Zestoako Gazte Asanbladak deituta, kontzentrazioa egin zen atzo arratsaldean Donostiako Gotzaindegi aurrean, Eliza negoziatu, gaztetxea zentrora lemapean. Elizari negoziatzera esertzeko eskatu dio asanbladak beste behin. Elizaren jarrera “irrazionala” dela salatu du asanbladak, eta Udalak egoeraren aurrean “entzungorrarena egiten jarraitzen duela” adierazi du.

Hemen atzo egindako irakurketa:

“la lau hilabete dira Zestoako Gazte Asanblada Zentroko lokalera sartu zenetik. Denbora honetan guztian asanbladak Elizarekin eta Udalarekin negoziatzeko duen borondatea adierazi du. Elizak ordea, behin eta berriro ukatu du gurekin mahaian esertzea eta orain ere bide judizialari helduko diola jakinarazi digu.

Gotzaindegiak dioenez, beraiek interesatuta daude lokalaren jabetzaren inguruan negoziatzeko, baina azpimarratu dute lokala asanbladaren eskuetan dagoen bitartean ez daudela negoziatzeko prest. Jarrera hau guztiz irrazionala da, izan ere, eraikinaren inguruko negoziazioak hasteko ez du inolako eragozpenik sortzen asanblada lokalean egoteak nahiz bertan burutzen den jarduerak. Gotzaindegiaren jarrera hau esplikatu dezaketen bi arrazoi soilik egon daitezke: alde batetik, egoskorkeria irrazionala eta okupazioak gotzaindegiaren egoa ukitu izana; bestetik jabetza pribatuaren sakralizazioa.

Gipuzkoako gotzaindegi berrituak behin eta berriz jartzen du eliza sozialaren ideia mahai gainean, elizaren jarduera sozialarengan fokua jarriz. Beren burua bakearen eta zapalduen ondoan kokatzen duten arren, praktikan beren jabetza pribatua defendatzen dute beste edozein balioren gainetik, prozesu honetan erakusten ari diren moduan. Erortzen uzten ari ziren eraikin bati benetako funtzio soziala ematen ari zaion gaztetxea desalojatu nahi dute jabetza pribatu santuaren izenean. Horretarako poliziaren indarkeria erabiltzeko prest daude herriko gazteak eraikinetik kolpeka ateratzeko. Zertarako eta berriz ere eraikina hutsik izateko, egunen batean etor daitekeen operazio espekulatiboren baten zain, berriz ere beren diru gosea horrenbeste predikatzen duten bakearen gainetik jarriz.

Ezin ahaztu Zestoako Udalaren jarrera, zeinak berak irekitako arazoa konpontzetik urrun, modu arduragabean arazoari entzungor egiten jarraitzen duen, bere erantzukizunari uko eginez. Gure aldetik, jada hasi gara zentroko gaztetxeak herriari egiten dion ekarpena erakusten. Jada hainbat eragileren antolakuntzarako espazio egokia, herriko gazteen aisialdirako gunea, sorkuntza artistikoarentzat tokia eta abar izaten ari da zentroko Gaztetxea. Hala ere, hau eraikinak duen potentzialitatearen lagin txiki bat soilik da; izan ere, eraikinaren ziurgabetasun egoerak ez digu eraikinaren potentzialitate osoa martxan jartzen uzten.

Honen aurrean, udalari behingoz bere erantzukizuna onartu eta zentroko gaztetxearen egoera egonkortzeko dituen baliabide guztiak erabiltzea, eta gotzaindegiari, bide judiziala eta beren jabetza pribatuaren defentsa irrazionala alde batera utzi eta guztiontzako positiboa izango den aterabide bat bilatzeko negoziatzen hastea exijitzen diogu”.

Argazkia: ZGA




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide