Albisteak

Gazte asanbladak, EH Bilduk, Udalak eta Kontseilu Sozialistak bat egin dute Palestinaren aldeko elkarretaratzearekin

Hamar egunetik gora pasa dira Israel Palestina bonbardatzen hasi zenetik. Egoera hau salatzeko eta Palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du herritar talde batek biharko, Sarraskia gelditu, Palestina askatu lelopean. Zestoako Gazte Asanbladak, Zestoako EH Bilduk,  Zestoako Udalak eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bat egin dute elkarrteratzearekin eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete. Eguerdiko 13:00ean izango da hitzordua, plazan.

Hona hemen antolatzaileek egindako deialdia:

“Israelgo estatu terrorista, hamarkada luzeetan zehar, Palestinako herriaren aurka ematen ari den genozidio jarraituaren beste pauso baten aurrean aurkitzen gara. Tentsio egoera eta sarraski berri honek, Jerusalemgo hiriaren ekialdean Israel ematen ari den judaizazio prozesuan eta Al Aqsako mezkitaren aurkako erasoetan du jatorria, zeinak Israelen jarrera erasokor iraunkorra argitan uzten duen.
Eraso berri hauen aurrean, Palestinar erresistentziako fakzio ezberdinek erantzun egin zuten, beren autodefentsarako eskubide ukaezina erabiliz. Erantzun honen aurrean, Israelgo estatu sionista, bere potentzia militar erraldoia erabiliz, sekulako sarraskia burutzen ari da, Gazako oinarrizko infraestrukturen nahiz herritarren aurka, ospitalak suntsituz, hildako eta zauritu uholde izugarriak sortuz. Egoera honen aurrean salatu nahi ditugu komunitate internazionalak eta NBEk historikoki Israelgo estatuaren aurrean erakusten duen pasibitatea alde batetik, eta bloke okzidentalak (EEBB, NATO, Europar Batasuna…) estatu sionistarekin duen konplizitatea bestetik, Israel inperialismo yankiaren interesak ekialde hurbilean ziurtatzeko oinarrizko aliatu izanik mundu mailako jokaleku geopolitikoan.
Hamarkadetako genozidio jarraituaren eta eraso berri honen aurrean eta munduko zapalduon arteko elkartasun internazionalistaren izenean, ezinbestekoa deritzogu Israelgo estatuaren izaera terrorista eta faxista salatu eta sarraski hau jasaten ari den Palestinako herriari nahiz egoera honekin amaitzeko borrokan ari direnei, gure elkartasunik beroena adieraztea.
Horretarako dei egiten diogu Zestoako herritarrei eta eragile ezberdinei, larunbat honetan, maiatzak 22, eguerdiko 13:00etan plazan burutuko dugun elkarretaratzean parte hartzera”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide