Albisteak

“Gaztetxea zentrora” proiektuaren aldeko firma bilketa hasi du Gazte Asanbladak

“Indarrak biderkatzeko, Gaztetxea zentrora!” lemapean hasi du firma bilketa Gazte Asanbladak.

Hauxe da firma bilketarako darabiltzen idatzia:

ZESTOAKO GAZTE ASANBLADAREN PROIEKTUA

Bi urte luze daramatzagu gaztetxea lekualdatzeko proiektua esku artean daukagunetik, eta jada urte eta erdi igaro da proiektua publikoki azaldu genuenetik. Garbi utzi nahi dugu, negoziaketaren parte diren beste bi alderdiek  ez dutela proiektuari aterabidea eman eta prozesuak aurrera jarraitu ahal izateko berebiziko interesik azaldu. Finean, pausuak ematen joatearen arrazoia asanbladaren eta proiektu hau babestu duten herritarren ekimena izan da. Azken fase honi bultzada emateko, indar hori erabili behar dugu eta hau dela eta martxan jarri berri dugu sinadura bilketa kanpaina.

Dakizuen bezala, egungo gaztetxearen espazioak dituen arazoak kontuan izanik, zine zaharra eta elizako zentroak osatzen duten eraikina geureganatzeko asmoa azaldu genuen duela urte eta erdi. Argi azaldu nahi dugu, lehenengo momentuan udalaren proposamena izan zela gaztetxea lekualdatzeko proiektua. Une horretatik, egungo gaztetxeko proiektu eta obrak albo batean utzi genituen, eta eskuartean daukagun proiektuan buru-belarri jarri ginen lanean.

Eraikin berri honek, orain dugun azpiegiturak sortzen dizkigun mugak gainditu eta gure jarduna zabaltzea bermatzeaz gain, herriarentzat erabat aberasgarria dela deritzogu ondorengo arrazoiengatik:

  • Zine zaharrak, Zestoak behar duen eskaintza kultural- artistikoarentzat areto aproposa sortzeko baldintzak ditu.
  • Kultur etxeko beste eragileen jarduna ez oztopatzea.
  • Zentroa eta aretoa (zine zaharra) bi solairutan bananduta egoteak bi jardun ezberdin egon ahal izateko aukerak ematen ditu: solairu bat asanblada eta eragile ezberdinen jardunerako izanik eta bestea herriko gazteen aisialdi zein ekintzetarako.
  • Kokapena, herriaren erdigunean egoteak jendearengana hurbiltzeko eta jendea gugana hurbiltzeko baliabideak ematen dizkigu.

Gure momentu egoera honakoa da: hiruko negoziazio mahaia bildu da eta soinu probak egin ditugu, aretoa izango denaren bideragarritasuna frogatzeko. Orain, udala eta eliza negoziazio mahaian esertzeko unea da, negoziazioen azkenengo txanpan sartzen ari garelarik. Beraz, bi alderdiei dei egiten diegu lehenbailehen proiektu hau ahalbidetuko duen akordio bat lortu dezaten. Bitartean, lanean eta borrokan jarraituko dugu. Espazioa lortzeko ezinbestekoa da herritar guztion babesa, beraz egingo ditugun ekintzetara gonbidatzen zaituztegu, eskaera sinatzearekin hasiz.

                             INDARRAK BIDERKATZEKO, GAZTETXEA ZENTRORA!

Proiektuaren alde sinatzeko, azpiko QR kodea eskantzeateko aukera ere badago:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide