Albisteak

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea egingo du Arroabeko bidegurutzean

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea eraikiko du Arroabean, N-634 errepide nazionala (kostako errepidea) eta GI-631 errepidea elkartzen diren bidegurutzean (Bombas Azcue enpresaren parean). Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Mikel Uribetxeberria azpiegituretako departamentuko plangintza eta ustiaketako zuzendari nagusiak eta Josetxo Mendizabal alkateak aurkeztu dute proiektua gaur goizean.

Udalak, legealdi hasieratik, bidegurutze horren segurtasuna zela eta kezka azaltzen zuela azaldu du Oiarbidek. “Azkenean diputazioa eta Udala diagnostiko bateratu batera iritsi ginen eta zerbait egin behar genuela ikusi genuen” azaldu du. Egin behar duten obrak, bide segurtasunean aurrerapen handia ekarriko duela adierazi du diputatuak. “Bi errepide gurutzatzen dira, kostakoa eta Urola aldera doana, biak trafiko handiko errepideak dira. Kostakoak, batez beste  5.000 eta 6.000 ibilgailu artean ibiltzen ditu egunero eta Urolara doanak, 2.000 inguru”. Bidegurutze hori hobetzea eurentzat lehentasunezko zerbait dela adierazi du. “Gaur aurkezpena egin dugu eta datorren asteko diputazioko gobernu kontseiluan proiektua onartu eta lizitazioa martxan jarriko da. Honek esan nahi du, gutxi gora behera, lanak otsailean hasiko direla eta 3 hilabeteko exekuzioa beharko dutela. Beraz, uda baino lehen amaituko dituzte lanak” esan du. Biribilgunea egiteko Udalak 1.500 m2-ko lursaila utzi du aldundiaren esku. Lanek, guztira, 607.000€tako kostua izango dute.

Biribilguneak 50 metrotako kanpo diametroa izango du, erdian 16 metroko babesgune batekin. Inguruan lau metrotako bi eraztun izango ditu. Guztira, hiru sarrera izango ditu, denak bikoitzak. Irteerak ere hiru izango dira, bide bakar batekoak.  Zestoa, Deba eta Zumaiarako noranzkorako sarrera-irteerak izango ditu. “Biribilguneek abiadura jaisteko ere balio dute eta horretan ere onura izango dute lanek” azaldu du Uribetxeberriak. Biribilgune guztia LED argidun 12 farolek argiztatuko dutela ere nabarmendu du.

Arroabeko hainbat auzokide ere hurbildu dira Udaletxeko areto nagusira. Han, proiektuaren inguruan dituzten kezkak eta desadostasunak azaldu dituzte. Bi funtsezko aldarrikapen dituztela nabarmendu dute; batetik, auzoko sarrera-irteera eta bestetik, bidegorria. Auzo Elkarteko kideek azaldu dute behin eta berriz eskatu dutela biribilgunearen lanen inguruan jakinaren gainean egon nahi zutela. “Prozesuan parte hartu nahi genuen, bere garaian, gure aldarrikapenak jasotzeko epe batzuk izango genituela azaldu zigun Udalak eta ez gaituzte entzun” azaldu dute. Auzoa etengabe handitzen ari dela esan dute eta gaur egun duten sarrera-irteera orain dela 60 urteko berdina dela azpimarratu dute. “Biribilgune berria egin eta gero ere, auzora toki berdinetik irten eta sartu beharko dugu, guk biribilgunetik auzorako sarrera-irteera zuzen bat nahi dugu”.

Uribetxeberriak azaldu du bere garaian biribilgunera sartzeko laugarren beso bat egitea planteatu zutela baina leku kontuagatik baztertu egin zutela. “Bide sarreraren gaia Udalaren kontua da, ez da gure eginkizuna” azpimarratu du. Oiarbidek Udalak sarrera-irteera hori bideratzea planteatzen duenean Aldundiak euren errepidearekin lotura hobetzen laguntzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, Uribetxeberriak esan du nahiz eta biribilgunea egingo den toki batetik bidegorria pasako den, honek ez duela aurrera begira bidegorriaren lanak martxan jartzen direnean inongo oztoporik eragingo.

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide