Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Bide onean doa Euskal Selekzioa Argentinako Mendozan jokatzen ari den XI. Munduko Esku Pilota Txapelketan. Orain arteko jardunaldietan emaitza onak lortu dituzte, besteak beste urrea emakumezkoetan eta zilarra gizonezkoetan Nazioarteko Jokoan, eta One Wall modalitatean finalerako sailkatu dira.
Txapelketan parte hartzen ari den Naroa Agirre herritarrak azaldu duenez, esperientzia berezia izaten ari da: partida batzuk base militar batean jokatu dituzte, eta ikusleen artean bertako ikasleak izan dituzte, “nahiko xelebrea” iruditu zaien giroan. Kirol arloan “oso ondo” ari direla nabarmendu du, eta taldean giro ederra dagoela gaineratu du.
Lehiaketaz gain, Mendozako Euskal Etxea bisitatzeko aukera ere izan dute, baita inguruko upategi ezagun bat ezagutzekoa ere. Hala ere, ospakizunak itxaron egin beharko duela dio Agirrek, txapelketa oraindik ez delako amaitu: “oso ondo ari gara konpetitzen eta horrela jarraitzea espero dugu”.
Gaur jokatuko dute One Walleko finala, eta bertan izango da Naroa Agirre ere.