Albisteak

Gogotsu ekin dio euskara foroak

Herriguneko euskararen egoerak kezkatuta, Euskara Foroaren aurreneko saioa egin zen asteazkenean pleno aretoan. Eremu askotatik jaso dutela erabileraren inguruko kezka adierazi zuen Mikel Arregi alkateak eta bileran bertan aipatu ziren bai kaleko egoera eta baita ikastetxeetakoa ere. Azken hamarkadetan administrazio publikoan eta arlo formalean aurrera pauso nabarmenak egin direla azpimarratu zuen alkateak, baina kezka adierazi zuen, kale erabileran eta esparru ez-formaletan ez ote garen atzera egiten ari. Norbere esparrutik egiten zuten egoeraren diagnosia elkarbanatu zuten bertaratutakoek. Hitza hartzen lehena Amaia Manterola Zestoako Herri Ikastetxeko zuzendaria izan zen eta eskolan bizi duten egoera azaldu zuen:

Amaia Manterola: “Gaztelera nagusitzen da euskararen gainetik patio ordutan zenbait burbuilatan “

Zuzendariaren esanak sorpresaz hartu zituzten bertaratutakoek. Haren esanetan, “zenbait burbuilatan gaztelera nagusitzen da euskararen gainetik patio ordutan”. Kanpotik datozen familien “olatuaz” ere hitz egin zen. Manterolaren esanetan, duela dozena erdi urte ingurura arte, etorkinen kopurua bakana zen. Eskolan matrikulatzen ziren ikasleak “tantaka” iristen ziren eta ikasle euskaldun kopuruak xurgatu egiten zituen berri hauek, eta era naturalean euskalduntzen ziren. Orain, kopurua handiagoa da eta gutxieneko euskara mailarik ez duten haurrek elkarrengana gerturatzeko joera dute eta horrek egoera zaildu egiten du, hala azaldu zuen Manterolak. Datua ere eman zuen; Lehen Hezkuntzan %18 inguru dira kanpotik etorritako haurrak eta Haur Hezkuntzan, berriz, %25.

HIPI edo euskara ez duten ikasle etorkinen laguntza saioez arduratzen den irakasleak aurten adina ordu inoiz ez dituela izan gaineratu zuen. Orain arte horrela ez bazen ere, beste ikastetxe handiago batzuek euskara indartzeko egiten dituzten planekin gurean ere hasteko beharra sentitzen hasiak direla aitortu zuen zuzendariak.

Familia hauen profila ere aztertu zen. Kasu askotan “pasokoak” direla ikusi da, hilabete edo urte gutxi batzuk egin ondoren herritik alde egiten dutenak. Horrek ikastetxearen lana zaildu eta areagotu egiten du euskaren irakaskuntza eta erabilera bultzatzeko garaian. Manterolaren esanetan, ikasle horiek, baliabide eta ordu asko eskaini ondoren, euskara maila bat jasoa dutenean, alde egiten dute; beste berri batzuk etortzen dira eta hauekin hutsetik hasi behar izaten dute. Kasu hauetan saiatzen dira familiekin elkarlanean euskara ikasi eta erabil dezaten, beraiek baitira giltza, baina askotan, arrazoi ezberdinak medio, ez da posible izaten eta horrek ikaragarri zailtzen du prozesua.

Egoera hobe batetik gatoz

Bertaratutakoen nolabaiteko barru hustutzea izan zen asteazkenekoa. Modu formalean ez bada ere, euskararekiko egoera hobe batetik gatozela diagnostikatu zen.  Kanpotik etorritako familien gorakadaz gain, behin hona iritsita orain bilatzen duten errealitatea ez dela orain dela hamarkada bateko bera esan zuen hainbatek; izan ere, gero eta haur elebakar euskaldun gutxiago dago herrian, nagusiki teknologia berrien eraginaren ondorioz. Besteak beste, kanpotik etorritako familien integrazio faltaz ere hitz egin zen, jatorriaren araberako etorkinen seme-alaben kuadrilatxoak nola sortu diren, gaztelera ez dakarten etorkin familietan ere gaztelera nagusitzen nola ari den, telebista eta sareen eraginaz, euskararen prestigioaz…

Alkateak, ahalegina kalera eramatearen beharra azpimarratu zuen; “ezin da egin administraziotik, ekimenak horizontala izan behar du”. Estrategia bat landu eta talde batek lidergoa hartu behar duela gaineratu zuen; “Zestoan giharra badago, gihar hori aktibatzea falta da”.

Garai aldaketa ere aipatu zuen; “ez dago garai bateko instituzioekiko presiorik, ez eta jakinarazpenak elebitan egiteak sortzen zuen kritikarik ere”. Arregik aitortu zuen “euskara hutsean egindako gauzek sortzen duten erresistentziarik” ez duela inoiz bizi izan, baina orain, Udalean hainbat kexa jaso dituztela horren harira. Nolabait, erdal elebakar izatea elebakarra denaren arazoa dela sentiaraztea lortu beharko genukeela iradoki zuen.

Hilabetera hurrengo hitzordua

Foro honen maiztasuna oraindik zehazteke dagoen arren, apirilaren 28an arratsaldeko 18:00etan jarri zen bigarren hitzordua. Ordurako talde eta norbanakoek estrategia bat lantzen hasteko ideiak ekartzea da asmoa eta plan horren arabera joango da adosten foroak hartuko duen martxa.

Bestalde, maiatzean kale neurketak egingo dira eta lan horretarako boluntarioak behar dira. Neurtzaile hauek ordu bete inguruko formazio ikastaroa jasoko dute apirilean eta guztira, 25 orduko iraupena izango du neurketak. Unibertsitateko ikasleentzat aukera askeko kreditu bateko errekonozimendua izango du ikastaroak. Interesatuek mezu bat bidali beharko dute euskara@zestoa.eus helbidera.

Arnasa gara.eus

UEMAko Imanol Haro ere bertan zen eta arnasagara.eus ekimenaren berri eman zuen.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide