Albisteak
Grebalariak lanera itzultzean argitaratu duten idatziaren inguruko balorazioa egin du udal gobernuak
— 2022-09-02Udal langileek greba amaitutzat jo zuten duela bi egun. Erabakiaren berri emateko idatzia kaleratu zuten. Idatzi horretan jasotakoaren inguruko balorazioa egin du udal gobernuak:
“Argudioen faltan eta benetako edukiaz hitz egiteko ausardiarik ez denean, nahasmenera eta lokatzetara jo ohi da eta horixe bera da grebalariek greba uztea azaltzeko agirian egin nahi izan dutena.
Hasieratik esan genuen greba honek ez zuela ez hanka eta ez buru, greba laboralak lan baldintzekin lotura duten gatazkekin deitzen dira, ez enplegu publikorako oinarrien deialdiekin. Hauetan gatazka juridikoa izan ohi da eta horretarako tresna nagusia inpugnazio eta helegiteak izaten dira, eta ez grebak. Deialdi hau gutxiengo batek, ezer negoziatzen hasi aurretik eta udal langileen gehiengoari bizkar emanda egin dela kontuan hartzen bada, burugabekeria oraindik eta handiagoa izan da.
Aitortu behar dugu, lanpostuekin interes pertsonal zuzena dutenekin negoziatzea ez dela batere erraza izan. Bakoitzaren interes partikularrak mahai gaineratzen zirelako eta udal gobernua osatzen dugun ordezkariok interes partikularren gainetik, publikotasuna eta udalaren interes orokorrak defendatzeko gaudelako.
Grebalariek hainbat pankarta iraingarri jarri eta errespetuari dagozkion mugak gainditu zituztenean utzi zion alkateak azken bileretan parte hartzeari, eta pertsonalki bere erabakia grebalariei jakinarazi eta gero, negoziazio mahaira beste zinegotzi batzuk gehitu ginen, erabakigarritasun osoz.
Uztailaren 28an greba komiteak negoziazio mahaia utzi ondoren, Udalaren eskariz abuztuaren 4an elkartu ginen berriro. Grebalarien hiru ordezkarik hartu zuten parte bilera hartan, eta negoziazioa agortutzat eman zuten haietako bik. Hirugarrenak azken saiakera egin nahi zuela eta, bi zinegotzi elkartu ginen hilaren 5ean harekin. Udalarentzat onartezina zen proposamena mahai gaineratu zuen, eta, gainera, gainontzeko hamaika grebalarirekin adostu gabea zela aitortu zigun. Hori izan da azken negoziazioen kronika tamalgarria.
Abuztuaren 5ean eman zuen agortutzat bidea Udalak, bi aldeen proposamenen distantzia eta negoziazio mahaiko parte hartzea ikusita. Bidea agortuta, oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali zituen, greban zeuden langileei hala jakinarazi ondoren.
Mehatxu eta errespetu faltak azaltzeko aparteko kapitulua beharko litzatekeela diote grebalariek, hasi daitezela, bada, kapituluak xehatzen: pankarta iraingarriak, udalarentzat lanean diharduten enpresetara grebalarien izenean telefono bidezko mehatxu deiak… Alkatearen autoritarismoa ere aipatzen dute, nahiz eta hainbat bileratan adierazi zaien Udal Gobernuak bere osotasunean
adostutako proposamenak izan direla. Pertsonalizatu eta pertsonalizatzen jarraitzeko izan duten nahi obsesibo hori erabat lekuz kanpo dago eta ordezkari sindikalak lekuko, bilera guztietan mehatxupean egon direla esatea gezur borobila da eta aldiz, espazio publikoan agertu diren irainak eta mehatxu deiak norenak izan diren udaletik kanpo ere garbi ikusi da.
Herritarrak ez zigortzeagatik irailaren 1ean itzuli dira lanera, bazen garaia! Lanik gehienak amaituta daudenean, Zestoako festak ez baldintzatzeagatik itzuli direla diote. Zein izan da orduan grebaren helburua abuztuaren 5etik irailaren 1era? Langileek ordutik dakite oinarriak bidalita daudela eta ez dagoela atzera bueltarik. Ordutik honakoa ulertzeko azalpen bakarra, auzoetako eta herriko jaiak baldintzatu nahia edo oporretan egon izana da, eta bide batez; diotena horrela bada, auzoetako jaiek ez ote dute begirune bera merezi?
Akaso, iritsiko da eguna mahai negoziatzailean zein terminotan aritu garen azaldu beharko dena, eta orduan norberak asumitu beharko ditu dagozkion erantzukizunak. Momentuz, Zestoako Udaleko webgunean daude lanpostuei dagozkien oinarriak eta LAB sindikatuak beste udal batzuetako negoziazio mahaietan Zestoako oinarriak erreferentzia gisa hartuko dituela ere jakin badakigu,
norberak atera ditzan bere ondorioak”.
“ZEINEN ERRAZ ALDARRIKATZEN DIREN ESKUBIDEAK,
ETA ZEINEN ERRAZ AHAZTEN BETEBEHAR ETA OBLIGAZIOAK!”
ZESTOAKO UDAL GOBERNUA OSATZEN DUGUN HERRITARRAK
Ruben Alberdi, Mikel Arregi, Marga Eizagirre, Nerea Odriozola, Aitor Salegi eta Beatriz Zubia
Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta
erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten
duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide!
Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure
ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi
baduzu, egin zaitez bazkide.
Egin zaitez bazkide
Egin zaitez bazkide