Albisteak

Udal langileek greba amaitutzat jo dute

Udal langileek greba amaitutzat jo berri dute. Hona hemen grebaren amaieraren harira kaleratu duten oharra:

“50 eguneko grebaren ondoren, Udala berea eginda geratu da. Oinarriak beraien interesen arabera argitaratu dituzte, ez Udaleko ordezkaritza sindikalaren, ez LAB eta ELA sindikatuen eta ezta langileen oniritziarekin ere. Honen aurrean gure ikuspuntua adierazi nahi dugu:

GATAZKAREN HASIERA

2021eko abenduan sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 legea atera zenetik Udalak langile interinoekin izan duen gardentasun eza nabarmentzekoa izan da.

Uztailaren 13an ekin genion grebari Zestoako udal langile interino batzuk. Udalak abuztuaren 22rako argitaratu behar zituen oinarriak, eta guk hasieratik ELA eta LAB sindikatuen irizpideak jarraitzeko eskatu genien.

NEGOZIAZIO MAHAIA

Udalaren proposamenak irizpide horietatik urrun egon dira negoziazio-bilera guztietan.

Itxurakeri hutsa izan da, horren adibide da azken proposamena abuztuaren 5ean aurkeztu izana eta egun berean oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali izana. Agian alkatea azken bileretara ez joatearen arrazoia ote?

Beste atal bat merezi dute bilera bakoitzean jasan behar izan ditugun mehatxu eta errespetu faltek.

Azken hiru urte hauen laburpentxo bat besterik ez da izan. Alkatearen erabaki autoritario bat gehiago.

GUTXIENEKO ZERBITZUAK

Greba deialdia uztailaren 11tik abuztuaren 11ra egin zen hasiera batean. Bigarren deialdia abuztuaren 12tik irailaren 11 bitartekoa izan zen, eta bi kasuetan Eusko Jaurlaritzako Bigarren Lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko Sailburuak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen. Alkateak berak zuzenean ez ditu gutxieneko zerbitzuak bete, Arroabean eszenatokia muntatzeko enpresa pribatu bat kontratatu zen (grua duen kamioia onartzen dugu, beti kontratatzen den zerbitzua delako, baina ez enpresa horretako langileek muntaketa lanak egin izana brigadako langileei laguntzeko). Arroa Goiko jaietako kale garbiketa alkateak berak egin izana, Aizarnako txosnaren muntaketan parte hartu izana, brigadako kamioia hartu eta materiala batetik bestera eraman izana… Zezen-plazan jarri da fokua, baina aurretik hainbat aldiz greba eskubidea zapaldu izan du.

Udal gobernuarentzako galdera: non daude langileen eskubideak? Hainbestetan aldarrikatu eta ozen eskatu izan ditugunak…

GREBAREN AMAIERA

Greba bati amaiera adostasun bat dagoenean ematen zaio normalean, jasan dugun egoera normala ez da izan ordea. Herriko jaiak gainean ditugula ikusirik, herritarrak ez daukate Udaleko gatazka eta kudeaketa txarraren ondorioak jasan beharrik. Hori dela eta, gaur abuztuak 31 grebari amaiera emango diogu”.

 

Zestoan, 2022ko abuztuaren 31n

Greban dauden udal langileak




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide