Albisteak

[ZUTABEA] AAren aroan pentsamendua sustatu

Kit auto fantastikoaz gogoratzen al zarete? Nire adin inguruan zabiltzatenak segur aski bai. Hitz egin eta hegan egiten zuen autoa… Orduan fantastikoa, gaur egun errealitatea.

Garapenaren abiadura gero eta handiagoa da, azelerazio teknologikoa deitzen omen zaio: industrializazioaren aroak 100-150 urte iraun zuen, Informazioaren eta Interneten garaiak 30-40, smartphone-ek ekarri zuten digitalizazio mugikorrak 10-15, eta Adimen Artifizialaren urrats berri bakoitzak hilabete gutxi batzuk.

Teknologia gustatzen zait eta horretaz bizi naiz. Beraz, ez naiz AA aurkaria. Baina beldurra ematen dit norantz goazen irudikatzen saiatzeak, are gehiago teknologiak geopolitika gidatzen duela gero eta nabariagoa denean.

Batetik, ikaratzen nau ikusteak “Garapena” deitzen dugun horren gaineko kontrola galtzen ari garela. Duela gutxi Steen Rasmussen zientzialari daniarrarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Rasmussen-ek bizitza osoa darama bizirik ez dauden materialetatik bizidunetarako trantsizioa esploratzen; hau da, bizitza artifiziala ikertzen. Egun Adimen Artifiziala aztertzen du ikusteko nola algoritmoek prozesu biziak sor ditzaketen material biologikorik gabe eta ohartarazten du Adimen Artifiziala bere burua sortzeko eta mantentzeko gaitasuna duen sistema bilakatzen ari dela. Hau da, gizakion menpekotasuna gutxitzen joango dela eta bere kabuz irauteko joera garatuko duela, izaki bizidunek egiten duten bezala. 

Bestetik, kezkatzen nau gizakion jarrera pasiboak. Kezkatzen nau ikusteak gero eta gutxiago pentsatzen dugula, AAren esku utziz norberak egin beharreko gogoetak, ondorioak edo analisiak, erosotasunaren edo denboraren optimizazioaren izenean. 

ChatGPT, Gemini eta enparauak gure morroiak direla sinistuta gaude, baina aurki gailenduko zaizkigu, orain arte gizakion esparrukoak ziren gaitasun aurreratuak eskuratzeko abagunea ematen diegun heinean: galderetatik gogoetak sortzen dira, gogoetetatik pentsamendu kritikoa eta horrek bultzatuta, gizarte bezala garatzen jarraitzeko grina. Pentsamenduaren eraikitze prozesua makinen esku uzten baduzu, zer gizarte eredu espero behar dugu?  Nik behintzat hegan egiten duten autoak baino, kafe baten bueltan elkartzen diren lagunak nahiago.

Elisabeth Pombo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide