Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Arrazismoaren lainoak ilundutako uda izan dugu aurtengoa. Faxismoak ez du oporrik hartu, eta uda honetan posizioak irabazi ditu espero ez genuen inguruetan ere. Ceutako gertakariek, eta gobernu progresistaren gestio negargarriak, hegoak eman dizkiete immigrazioaren aurkako diskurtso arrazistei. Ezker-eskuin, Rufian zein Abascal, immigrazioaren arazoaz jardun zaizkigu, baina arazo honen biktima nagusiak ahaztu, eta biktima gisa beharrean arazo gisa aurkeztu dizkigute. Komunikabideetan inbasioaz etengabe hitz egitearen bidez, migratzaileen erabateko deshumanizazioa gertatu da iritzi publikoan. Ematen du ahaztu egin zaigula 145 pertsona hil zirela bizitza hobeago baten bila egindako trabesian. Baina badirudi bizitza horiek ez dutela batere balio kalean jende zikina lotan ikustera behartua den pertsona zuriaren sufrimenduaren aurrean. Ba deshumanizazio hori bera da Donostian uda amaieran migranteen aurkako tiroketetara eraman gaituena.
Ziklo politiko progrean hezi ginenontzat, welcome refugeesen eta inor ez da ilegalaren garaian politizatu ginenontzat, sinesgaitza da gure senide eta herrikideen ahotatik diskurtso deshumanizatzaile horiek entzutea. Mikro arrazismoek kezkatzen gintuzten, eta kontsentsu progrearen azpian zapalkuntzak betikotzen zituen sistema kapitalistaren nolakotasunean kokatzen genituen eztabaidak. Baina arrazismo zuzen hau gainditutzat ematen genuen gure inguruetan. Uneren batean, ordea, kontsentsu progreak sistema kapitalistari baliagarri izateari utzi zion, eta erreakzioaren alde hasi zuten ofentsiba kulturalean aurrea hartu digu boteretik inoiz alde egin ez duen oligarkiak. Azkenaren eta azkenaurrekoaren arteko gerrara kondenatu nahi gaituzte beren irabazi eta pribilegioen mesedetan. Eta ederki sartu digute ziria. Uda osoan etsaiz nahastuta ibili garela dirudi.
Baina uda amaitu da, eta ostarteak ageri dira. Urrian gaude. Estatu frantsesean bero daude kaleak, eta Elizondon milaka gazte batu gara dagoena onartzeari utzi eta borrokara batzeko lemapean. Espainiar estatuan, enegarren etxegabetzeak presio-eltzea leherrarazi duela dirudi, eta estatu guztian etxebizitza mugimenduak kaleak hartu ditu, errentista eta espekulatzaileak jo puntuan jarriz, espropiazioak eta ekonomiaren planifikazioa aldarrikatzera iristeraino. Bandera gorriak eta mezu komunistak telebistan! Azaroak 11ko greba orokorrean bide horretan jarraituko dugu. Gure ongizatea edo beraien negozioa, ez dago erdibiderik. Klase borroka ez da amaitu, eta bada etsaiz nahasten ez denik.
Ortzi Alberdi