Albisteak

Indarkeria matxistaren erreparazio prozesuez hausnartu dute, Mugimendu Feministaren solasaldian

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan, Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak izenburuko solasaldia egin zuten atzo, asteartea, Zestoako Mugimendu Feministak antolatuta. 18:30ean hasi zen saioa, eta belaunaldi desberdinetako 25 lagun inguru elkartu ziren Alonderon. Sheila Melcon Sortzen aholkularitza zerbitzuko psikologo feministak gidatu zuen solasaldia.

Hitzaldi bat baino gehiago, solasaldi gisa definitu zuen saioa Melconek, bertaratutakoekin batera hausnartzeko eta norberaren bizipenak zein iritziak partekatzeko tartea izan baitzen ekitaldi osoan zehar. Historiaren errepaso labur batekin ekin zion saioari, gaur egungo egoera hobeto ulertzeko. Historian zehar izandako aldaketak izan zituen hizpide, besteak beste, indarkeria matxista ulertzeko moduan, legeetan eta gizartean nagusitu diren diskurtsoetan izandako bilakaera aztertuz.

Ondoren, azkenaldian gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari den erreparazio kolektibo edo komunitarioaren kontzeptuari heldu zion. Historikoki nagusi izan den ikuspegi indibidualaren aldean, erreparazio komunitarioak min kolektiboa ere hartzen du kontuan, eta indarkeria ahalbidetzen duten sistemak eta egiturak eraldatzea du helburu. Indarkeria matxistaren kasuan, mugimendu feministak urteak daramatza erreparazioaren inguruan hausnartzen eta horri aurre egiteko ekinbideak birpentsatzen.

Indarkeriaren ondoren zer gertatzen den eta erreparazio prozesuak nola landu daitezkeen izan ziren solasaldiaren ardatz nagusietako batzuk. Horretarako, Melconek hainbat adibide praktiko eta kasu erreal ekarri zituen mahai gainera, bertaratutakoen artean hausnarketa eta iritzi trukea sustatuz. Besteak beste, erreparazio prozesuak oso konplexuak direla azpimarratu zuen, eta biktima guztientzat ez dagoela bide bakar bat. Izan ere, “biktima bakoitzak bere beharrak, denborak eta erritmoak ditu, eta horiek errespetatzea ezinbestekoa” dela azpimarratu zuen. Zentzu horretan, erreparazioa prozesua bizi eta aldakor gisa ulertu behar dela azaldu zuen.

Erreparazio komunitarioaren beste ardatz nagusietako bat ere nabarmendu zuen: biktima erdigunean jartzearen garrantzia. Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen haren beharrak entzutea, aitortzea eta kontuan hartzea, erreparazio prozesua horien arabera eraikitzeko. Gaiaren inguruko beste hainbat alderdi landu eta bertaratutakoekin hausnarketak partekatu ostean, hiru hitzekin borobildu zuen solasaldia Melconek: “Sinesmena, aitortza, erreparazioa”.

Azaroaren 25ean kalera ateratzeko deia

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, kalera ateratzeko deia egin du Zestoako Mugimendu Feministak. Egun horretarako elkarretaratzea antolatu du, eta 18:30ean izango da hitzordua, herriko plazan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide