Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Zestoako Udalak eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak antolatuta, udalbatza aretoko banku historikoen zaharberritze lanak gertutik ezagutzeko aukera izango da bihar, azaroak 19. Hitzordua 11:30ean izango da, udaletxean, eta Jon Egidazuk, Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresako kideak, euskaraz emango ditu azalpenak. Ondoren, Carmen Martinek, Taller CM Restauración enpresakoak, gaztelaniaz eskainiko ditu.
Joan den irailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bankuen inguruan egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen Zestoan. Azterketak agerian utzi zuen bankuak gutxienez XVIII. mendekoak direla eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkura ibiltarien lekukotza gordetzen duen ezaugarri horietako multzo bakarra dela. Gainera, historian zehar hainbat pintura-geruza izan dituztela egiaztatu zuten, eta zaharberritze lanen bidez antzinako polikromiaren lagin bat agerian uztea aurreikusi zuten.
Ikerketa haren jarraipena dira orain egiten ari diren zaharberritze lanak. Helburua bankuen kontserbazioa bermatzea eta haien historia hobeto ezagutaraztea da. Lanek irauten duten bitartean, udalbatza aretoa zabalik egongo da, herritarrek prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izan dezaten.