Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Urtean zehar askotariko kultur ekitaldiak antolatzen ditu Portale Kultur Elkarteak, besteak beste, hitzaldiak, tailerrak eta musika kontzertuak. Portaleko terraza izan ohi da musika emanaldien agertokia, baina oraingoan elkarteak bere egoitzatik haratago eraman nahi izan du musika, herriko kaleetara hain zuzen ere.
Horretarako, Ustekabe txaranga gonbidatu dute ostiralerako, hilaren 20rako. Portale tabernatik abiatuta, 18:30etik aurrera herriko kaleak alaituko dituzte musikariek. Afalostean ere izango da txarangaz gozatzeko aukera, eta hala, musikaz girotutako ostiral arratsalde eta gaua proposatu du elkarteak.
Musikaz betetako asteburua
Portaleren ekimena ez da izango Santa Zezilia egunaren bueltan herrian egingo den musika hitzordu bakarra. Ertxina Musika Eskolak astelehenean eta asteartean eman die hasiera ospakizunei, eta asteburuan ere izango da musikaz gozatzeko aukera. Ostiralean bertan, Gaztetxeak eta Fundizio elkarteak elkarlanean antolatutako kontzertuak izango dira.
Larunbatean, berriz, Zestoako Musika Bandak rock kontzertua eskainiko du, eta igandean, hilaren 22an, Gipuzkoako 37. Organo Zikloko kontzertua izango da Aizarnan.