Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zestoako udalbatza aretoa inguratzen duten banku historikoei buruz egindako ikerketa eta kontserbazio lanen emaitzak aurkeztu zituen atzo goizean. Azterketaren arabera, bankuak gutxienez XVIII. mendekoak dira, eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkura ibiltarien lekukotza gordetzen duen ezaugarri horietako multzo bakarra da.
Aurkezpenean parte hartu zuten Mikel Arregi Zestoako alkateak, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eta Irene Cardaba kontserbatzaileak.
Zestoako Udalak eskatuta abiatu zuen Aldundiak bankuen inguruko ikerketa. Arregik azaldu zuenez, Udalak aurretik ere bazituen Zestoakoa Gipuzkoan kontserbatzen zen halako multzo bakarra izan zitekeelako zantzuak. Horregatik, 2024an, diputatu nagusiak Gipuzkoako udalerrietan egindako bilera errondaren barruan Zestoara egindako bisitan, bankuen historia ikertzeko eta haiek zaharberritzeko beharra azaldu zion Udalak.
Alkateak eskerrak eman zizkion Aldundiari egindako lanagatik, eta zestoarrek herrian gordetzen duten ondarearekiko duten harrotasuna nabarmendu zuen. «Euskal Herriaren eta euskaldunon historiarekin lotura zuzena duen altxorra daukagu hemen. Nahiz eta artistikoki bestelako baliorik ez izan, historiarekin lotzen gaitu, eta gure eskubide historikoen lekuko zuzena da», adierazi zuen.
Arregiren esanetan, Zestoarentzat ohorea da Gipuzkoako eta Euskal Herriko erakundeen historiaren lekukotza hori gordetzea; aldi berean, datozen belaunaldiei baldintza egokietan transmititzeko ardura ere badu herriak. Aurrerantzean, bankuak erakutsi eta haien historia ezagutarazteko asmoa dutela ere azaldu zuen, ondarearen transmisiorako baliabide izan daitezen.
Gipuzkoako erakundeen historiaren lekukoa
Gipuzkoako Batzar Nagusiek Donostian egoitza finkoa izan aurretik, Gipuzkoako hiribilduetako ordezkariak herriz herri biltzen ziren. XIV. mendetik aurrera egindako bilkura ibiltari horietan, lurraldeko herriek beren ordezkariak bidaltzen zituzten, Gipuzkoari zegozkion gaiak eztabaidatu eta erabakiak hartzeko.
Zestoa izan zen Batzar Nagusien bilkurak hartu zituen herrietako bat. Egungo bankuak eraiki ondoren, gutxienez bost aldiz elkartu ziren bertan: 1759an, 1777an, 1816an, 1840an eta 1860an. Bankuen bizkarraldeetan Gipuzkoako hainbat hiribildu eta elkarteren izenak irakur daitezke oraindik.
Irene Cardabak azaldu zuenez, bankuak ez dira altzari multzo bat soilik. Bilkura ibiltarien eta Gipuzkoako administrazioaren historiaren lekukotza dira, eta garai hartako erakundeen antolaketa zuzenean ezagutzeko aukera ematen dute. Haien baliorik handiena, beraz, ez dago alderdi artistikoan, gordetzen duten esanahi historiko eta instituzionalean baizik.
Ezeizabarrenaren esanetan, ez da banku soil bat, baizik eta euskal identitatearen eta autogobernurako nahiaren lekukoa. Batzarretan lurraldeko ordezkari guztiak parez pare eta maila berean esertzen ziren, eta antolaketa horrek berdintasunaren ideia islatzen zuen.
Batzar Nagusietako presidenteak erakundeen historia ezagutzearen garrantzia ere azpimarratu zuen, egungo autogobernua eta erakundeak nondik datozen ulertzeko. Era berean, eskerrak eman zizkien Zestoako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, baita ikerketa eta kontserbazio lanetan parte hartu duten teknikariei ere.
Mendozak ere bankuen balio historiko eta sinbolikoa nabarmendu zuen. Haren esanetan, gaur egun garena aurreko belaunaldiek egindako bideari esker gara; horregatik, gure historia ezagutu eta jasotako ondarea errespetuz eta maitasunez zaindu behar dugu. Euskal foruak abolitu zituztela 150 urte bete diren honetan, bankuek Gipuzkoak eta Euskal Herriak mendeetan izan duten komunitate izaera eta gobernatzeko modu propioa irudikatzen dutela azaldu zuen.
Diziplina askotako ikerketa
Zestoako Udalak eskatuta, GFAk 2025ean jarri zuen abian bankuen historia eta jatorria argitzeko, haien balio historikoa aztertzeko eta kontserbazio egoera hobetzeko proiektua. Ikerketa egiteko, Zestoako kultur teknikariaz gain, hainbat arlotako profesionalek osatutako taldea eratu zuten: historialari batek, artxiboko arduradun batek, bi arotzek, kimikari batek eta bi kontserbatzailek.
Orain arteko azterketek ondorioztatu dute bankuak gutxienez XVIII. mendekoak direla eta gaztainondo-egurrez egin zituztela. Hala ere, ikertzaileek ohartarazi dute oraindik ez dagoela haien jatorriari buruzko datu zehatzik. Ez dute datazio zehatza lortu, eta ezin izan dute baieztatu Batzar Nagusien bilkurak hartzeko propio eraiki zituztenik. Oraingoz hainbat hipotesirekin ari dira lanean, eta ikerketak aurrera jarraituko du.
Bankuek historian zehar aldaketa eta konponketa ugari izan dituztela ere egiaztatu dute. Artxiboko dokumentazioaren arabera, 1797. urte inguruan konpondu egin behar izan zituzten, Konbentzio Gerran Frantziako armadak altzariaren zati bat puskatu eta sutarako erabili ondoren.
Materialen azterketak lau garaitako pintura-geruzak identifikatu ditu. Zaharrena, jatorrizkotzat jotzen dena, iluna da. Bigarren geruza XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen hasiera artekoa da, eta gris eta urdin marmolatuak eta moldura gorriak zituen. Hirugarren pintura-geruza XIX. mendearen erdialdekoa da, eta garai horrekin lotu dituzte gaur egun ikus daitezkeen Gipuzkoako herri eta elkarteen izenak. Egungo itxura ematen dion azken geruza, berriz, XX. mendean egindako hainbat esku hartzeren emaitza da.
Ikerketarekin batera, bankuak egonkortzeko premiazko kontserbazio lanak egin dituzte. Besteak beste, pintura-geruzak sendotu eta gainazala garbitu dute. Aurten proiektuarekin jarraituko da: bankuen balioa ezagutarazteko dibulgazio lana egingo da eta zati batean esku hartze berezia gauzatuko du. Antzinako polikromiaren lagin bat agerian utziko dute, gris eta urdin marmolatuak eta moldura gorriak nolakoak ziren erakusteko, betiere multzoaren ondare balioa eta kontserbazio irizpideak errespetatuta.