Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Bi egun falta dira aurtengo amabirjinak hasteko, eta, urtero bezala, txupinazoaren eztandarekin batera lehertuko da festa. Zestoa Osasuntsu taldekoak izango dira larunbatean 12:00etan udaletxeko balkoira igo eta suziria pizteaz arduratuko direnak. 2015az geroztik, hirugarren adineko pertsonen bizitza aktiboa sustatzeko lanean dihardute Zestoan. Urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza izango da txupinazoa jaurtitzea. “Eskertuta»” agertu dira egitasmoko kideak, eta egun handirako “prest”.
Zestoa Osasuntsu sortu aurretik, Zestoako Udalak antolatutako soinketa ikastaroetako parte-hartzaileek paseoak eta txangoak egiten zituzten. Hortik sortu zen soinketatik harago joango zen talde bat osatzeko nahia, eta hala jaio zen Zestoa Osasuntsu. Logoa sortu, kamisetak egin eta talde gisa funtzionatzen hasi ziren. Gainera, hasieratik herritar guztiei irekitako egitasmoa izan zen, “ez zen inondik inora soinketan zebiltzanentzat soilik sortutako taldea”, diote.
Gaur egun, egitasmoa Zestoako Zaintza Sarearen barruan kokatzen da, eta hainbat eragilek hartzen dute parte bertan: Jubilatuen Elkarteak, 3Z Elkarteak, San Juan Egoitzak, Gisasola Egoitzak eta Zestoako Udalak. Urtean bederatzi hilabetez hainbat ekimen antolatzen dituzte; besteak beste, ikastaroak, hitzaldiak eta ibilbide laburrak zein luzeak. Ibilaldien ostean, gainera, hamaiketakoa egin ohi dute elkarrekin.
Zestoa Osasuntsuren helburua “herrian hirugarren adineko pertsonen bizitza aktiboa sustatzea da, haien sozializaziorako espazio bat ahalbidetzeko eta bizi-ohitura osasuntsuak bermatzeko”, azaldu dute antolatzaileek. Are gehiago, jarduera fisikoa eta kirola elkarrekin egiteko ohitura eta gozamena sustatu nahi dituzte, baita egoera zaurgarrian edo nahi gabeko bakardadean dauden pertsonen integrazioa errazteak ere berebiziko garrantzia du.
Joan den ikasturtean egindako txango batean, parte-hartzaileek azaldu zigutenez, kirola egiteko aukera baino gehiago, Zestoa Osasuntsu “kalera ateratzeko aitzakia bikaina” da. Beste batzuek, berriz, irteera horiek beraientzat benetako “terapia” direla nabarmendu zuten. Gainera, mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonak ere kontuan hartzen dituzte jarduerak prestatzerakoan, eta ekimen guztiak doakoak dira; beraz, egoera sozioekonomikoa ez da parte hartzeko oztopo.
Egitasmoa aurrera ateratzeko hainbat herritarrek ere egiten dute lan borondatez. Besteak beste, taldearentzat hain garrantzitsua den hamaiketakoa prestatu eta kudeatzen laguntzen dute. Tartean ibiltzen dira Antton Etxeberria eta Arantxa Rezabal. Biek ala biek beren aletxoa jartzen dute ekimenetan eta, hain zuzen ere, protagonismo berezia izango dute biharko txupinazoan: Antton arduratuko da suziria jaurtitzeaz, eta Arantxak hitz batzuk esango ditu udaletxeko balkoitik.
“Ilusioz” daude une horretarako, baita jasotako aitortzagatik “eskertuta” ere. Txupinazoaren ostean, orain arteko ilusio berarekin lanean jarraitzeko asmoa dute, eta, bide batez, Zestoa Osasuntsuren ekimenetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.