Albisteak

Arraunean hasi nahi duten haur eta gaztetxoei deia egin die Zumaiako Arraun Elkarteak

Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteak arraunean hasi nahi duten Zestoako eta inguruko haur eta gaztetxoei deia egin die, harrobia indartzen jarraitzeko asmoz.

Talde zumaiarrean hainbat zestoar ibili izan dira urteetan zehar, eta gaur egun ere badira bertan aritzen direnak. Deialdia bereziki 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago, arraunean ikasi eta etorkizunean klubeko ontzietan aritzeko aukera izan dezaten. Interesa duten gazteekin eta familiekin lehen bilera irailaren 7an, 18:00etan, egingo dute arraun elkartean.

12 urtetik beherako haurrek ere badute arraunera gerturatzeko aukera. Adin horrekin Gipuzkoako batel denboraldian parte hartu ezin badute ere, haientzako arraun topaguneak antolatzen dituztela azaldu du elkarteak.

Informazio gehiago nahi dutenek 623 48 32 78 telefono zenbakira deitu, telmodeunae@gmail.com helbidera idatzi, Instagramen @telmodeun_ae kontuarekin harremanetan jarri edo Itsas kiroldegian duten lokalera jo dezakete.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide