Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Elkartasunak eta jai giroak bat egin zuten atzo Zestoan, Mugimendu Feministak antolatutako Elkartasuna plazara jaialdian. Sei herrikide absolbituei babesa emateko ospakizunak 400 lagun inguru bildu zituen herri bazkarian. Goizean goizetik prestatutako paella izan zuten menuan, eta poesua errezitaldia, berriz, postretzat.
Bazkalostean, musikak hartu zuen plaza. 17:00etatik aurrera hasi ziren kontzertuak, eta eguraldiak ere atseden eman zuen arratsalderako, ospakizunak aurrera egin zezan.
20:00etan egin zuen hitzartzea Mugimendu Feministak. Gero eta gizarte indibidualistagoaren aurrean, elkartasunaren eta komunitatearen balioa aldarrikatu zuten: «Elkartasunik gabe ez dago bidea egiterik». Ildo horretan, sei herrikideen jarrera eredutzat jo zuten, egoera gogorrenetan elkarri eusteagatik eta laguntasunaren zein zaintzaren alde egiteagatik.
Prozesu judizialean jasotako babesa ere ekarri zuten gogora. Epaiketaren aurretik plaza bete zuten herritarrak, elkartasuna adierazi zuten 30 eragile baino gehiago eta epaiketak iraun zuen bost egunetan sei auzipetuen ondoan egon ziren lagunak izan zituzten gogoan. Jaialdia posible egin zuten boluntarioei ere eskerrak eman zizkieten: «Bejondeizuela txarrenari onena erakusteagatik!».
Absoluzioa ospatzeko eguna izan arren, prozesuak utzitako zama ekonomikoa gogorarazi zuten: 30.000 eurotik gorako gastuei egin behar diete aurre sei herritarrek. «Ekar dezagun beste behin elkartasuna plazara eta lagun dezagun bide latz honek eragindako zauriak orbaintzen», adierazi zuten.
«Borrokak merezi duelako, elkartasun feministak irabazi duelako!» aldarrikatuz amaitu zuten hitzartzea, eta ospakizunak jarraipena izan zuen plazan.































