Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Herritik eta herriarentzat antolatutako Txikitasunian Haundi eguna ospatu zuten atzo Arroabean. Goizetik gauera arte, adin guztietako herritarrak bildu zituen festak eta emakumeen giza proba izan zen eguneko hitzordu nagusia. Festa antolatu ez ezik, bertan parte hartu eta gozatu ere egin nahi zuten antolatzaileek, eta ederki bete zuten asmoa. Sekulako arrakasta izan zuen erronkak: plaza goraino bete zen, eta giro aparta sortu zuten. Beraiek gozatzeaz gain, ikusleei ere gozarazi zieten. Pankarta bateko mezuak ondo laburbildu zuen bertan bizitakoa: «Zuen txikitasunian ze haundi, Arruko neskak!».
Goizean hasi zituzten ekintzak, eta eguerdiko atsedenaren ostean, Potx pailazoak heldu zion arratsaldeko egitarauari, 17:00etan. Haurrentzako emanaldia zen, baina eskola zaharraren barrutik plazaraino iristen ziren bertaratutakoen barre algarak. Ordu berean egin zuten giza proban lehenengo zein talde aterako zen erabakitzeko zozketa: Arroabekoei egokitu zitzaien hastea.
19:00etan hartu zuten plaza Arroabeko eta Aizarnazabalgo emakumeek. Erronkari ekin aurretik, Zestoako Elkartasuna Plazara jaialdiarekin bat egin zuten, eta besarkada bana bidali zieten elkartasun feminista gauzatzeagatik epaitu eta absolbitu zituzten sei herrikideei eta haien ondoan egondakoei. «Elkar zaintzea, lagunari eustea eta elkartasuna adieraztea ez dira delitu», aldarrikatu zuten. Lehian bi talde izan arren, aldarri berak elkartu zituen: «Plazak eta kaleak gureak ere badira, eta elkarrekin indartsuagoak gara».
Ondoren, harriari tiratzeko unea iritsi zen. Talde bakoitzeko zortzi emakumek 500 kiloko harriarekin ahalik eta plaza gehien osatu behar zituzten hogei minutuan. Plaza goraino bete zuten ikusleek, eta haiek ere dena eman zuten, parte-hartzaileak animatuz eta giro aparta sortuz.
Arroabekoek 57 plaza osatu zituzten, azken itzuliak korrika eginda. Aizarnazabalgoek ere sekulako erakustaldia egin zuten, eta 60 plazara iritsi ziren. Hiru plazako aldearekin, beraz, Aizarnazabalentzat izan zen garaipena. Emaitzaz harago, bi taldeek indarra, prestaketa eta elkarrekin aritzeko gaitasuna erakutsi zituzten.
Elkar besarkatuz ospatu zuten balentria bi taldeetako kideek, eta aizarnazabaldarrek oroigarria eraman zuten etxera.
Probaren ostean, elektrotxarangak hartu zuen giroa alaitzeko lekukoa. Afariak eta erromeriak eman zioten segida festari, eta dantzan amaitu zuten aurtengo Txikitasunean Haund; auzolanean prestatutako eguna, auzoaz eta auzokideez gozatzeko.

