Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean hasi zituen Bainuetxearen parean, Urola ibaian, dauden hiru presa txiki partzialki eraisteko lanak. Jarduketaren helburua ibaiaren konektibitatea hobetzea eta uretako faunaren joan-etorria erraztea da.
Lehenengo bi presa txikiek metro bateko altuera dute; hirugarrena, berriz, zubiaren azpian dago eta metro erdi ingurukoa da. Egiturak ez dituzte erabat kenduko: zati batzuk bere horretan utziko dituzte ibaiertzetako hormen eta zubiaren egonkortasuna bermatzeko.
Lehenengo bi presen eraispena arkeologo baten zaintzapean egin dute, nahiz eta egindako azterketak ondare-baliorik ez dutela ondorioztatu. Lanek irauten duten bitartean, Ingurumen Zaintzako Plana ere aplikatuko dute.
Obrak sei lanegunetan amaitzea aurreikusi dute. Jarduketaren aurrekontu osoa 56.079 eurokoa da, eta horietatik 22.431 euro Europar Batasunak finantzatuko ditu.
Proiektu beraren barruan, iaz Altzolarats bailaran, Granada errekan, ere egin zituzten antzeko lanak.
