328. Stendhal eta maitasunaz

Egun hauetan dabiltza udaletxeko areto nagusiko bankuak zaharberritzen. Duela hilabete pare bat eman zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Zestoako Udaleko ordezkariek banku historiko horiei buruz egindako ikerketaren berri, eta, dirudienez, bankuak gutxienez XVIII. mendekoak dira, eta Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkura ibiltarien lekukotza gordetzen duen ezaugarri horietako multzo bakarra da. Tira, ez da gauza hutsala.

Baina niri, bankuez haragoko beste gauza batek jarri zidan burua dantzan. Oraintxe kontatuko dut. Aurkezpen hartan, informazio panel bat ere jarri zuten, eta bertan, Karol Dembowskiren aipamena Zestoako Batzar Nagusiez. Dembowski irakurri eta berehala, Kupidok gezia sartuta bezala, Stendhal etorri zitzaidan bihotzera. Eta hipnotizatuta geratu nintzen. Baina joan gaitezen pixkanaka.

Karol Dembowski (egokiagoa da Carlo izena erabiltzea, 1808-1853) oso pertsona interesgarria da. Erromantizismo garaiko ingeniari, bidaiari eta idazle italiarra izan zen, eta lerro hauek idazteko hizpidea eman digu lehen karlistaldian Espainiako estatura egin zuen bidaiak. Gutun moduan idatzi zituen han eta hemen bizitakoak, baina gero bildu eta liburu batean argitaratu zituen: Deux ans en Espagne et en Portugal, pendant la guerre civile 1838-1840, Paris, Charles Gosselin, 1841).

Garaia halakoxea zenez, bere kontakizuna herrialdeko pintoreskismoari adi agertzen da, baina gerrak klase behartsuenengan izan zituen ondorio larrienekiko sentsibilitate soziala ere agertzen da, eta pairatzen zuten basakeria eta gosea salatzen ditu; are gehiago, oso objektiboa da herrialdeko pertsonaia politiko eta militarrei buruz egiten dituen epaiketetan.

Ia 400 orrialdetik 50en bat soilik dira Euskal Herriaz. Urdax-era (“dernier village de la frontière francaise”) iritsi zen 1838ko urtarrilaren bukaeran, eta handik garai hartan modan zegoen bidaia pintoreskoa egin zuen: besteak beste, Zaragoza (otsailak 4), Guadalajara, Madril (otsailak 8), Toledo (apirilak 15), Madril (apirilak 29), Escorial (ekainak 5), Madril (ekainak 10), Segovia (ekainak 15), Madril (ekainak 27), La Carolina, Bailen, Andujar (uztailak 12-15), Kordoba (uztailak 16), Sevilla (uztailak 16), Kadiz (irailak 3), Lisboa (irailak 13), Oporto (irailak 18), Lisboa (irailak 23), Gibraltar (irailak 28), Malaga (urriak 4), Granada (urriak 14), Malaga (urriak 20), Valentzia (azaroak 18), Xàtiva (abenduak 19), Tarragona (abenduak 23), Bartzelona (abenduak 29), Palma (1839ko urtarrilak 25). Otsailaren bukaera aldera arte Palman egon zen gure protagonista, eta, badirudi orduan amaitu zuela bidaiaren lehen zatia, hau da, urtebete pasa ibili zen Iberiar penintsulan gora eta behera.

Euskal Herriak atal berezia du liburuan, eta, itxura denez, bigarren bidai batean etorri zen hona. Nolanahi ere, 1840ko irailaren 2an Hernanin dago Agustin Iturriaga apaizarekin (1778-1852), “homme de sens et d’instruction”, eta Gipuzkoako Ermandadea dute aipagai (“cétte veritable fédération républicaine”). Solasaldi hartan aipatzen dute gure Zestoa (liburuan “Sestona” jartzen du). Iturriagarenak dira San Ignazioren martxa izeneko ereserkiaren hitzak, eta ez da harritzekoa apaiz honek Loiola bisitatzea proposatzea Carlo Dembowskiri.

Edozein modutara ere, irailaren erdi aldera Donostiatik Zarautz aldera doa gure gizona bere mandazainarekin, azken hau, Marota izeneko mandoan eta Carlo Espartera izenekoan (jakina da Maroto eta Espartero izan zirela Bergarako Besarkadaren protagonista, eta hala “bataiatu” zituen, nonbait, mandoak Iturriaga apaizak). Donostiatik Zarautzera, “le chemin de la côte” hartzen dute, “qui est si pinttoresque et varié”. Zarauztik Loiolarantz abiatzen dira, baina gure herriak ez du aipamen berezirik merezi, nonbait: “et passant par les bains de Sestona…”, beste inolako sakontasunik ez. Behinik behin ez zitzaion okurritu Jovellanosen antzera argi eta garbi esatea dena: “todo ruin”.

Loiolaz, arteaz gozatzen ohitua dagoen pertsonaren mailako azalpena ematen du: “Eliza, estilo italiarreko arkitektura-pieza bikaina, errotonda zabal eta dotorea da, hegalik gabea, marmolezko zutabez osatutako zirkulu batek mugatzen duena. Zirkulu horren atzean, galeria bat, aberastasun handiko kapera txikiak dituena”. Gauza gehiago ere esaten ditu, baina azkar utzi zituen hango lanak bere gogoa beste bat baitzen: “voir danser le Zortcico dans la place publique d’Azpeitia”.

Tira, baina goazen hasierara. Batzar Nagusiak aipatu ditut hasieran. Eta kontua da lehen aipatu dugun solasaldian, alegia, Hernaniko apaiz Iturriaga eta Dembowskiren arteko hizketaldian, “cétte veritable fédération républicaine” hartaz ari zirelarik, gure Zestoa ekartzen dutela mahai gainera: “Korrejidorea ez badago edo gaixorik badago, batzarra non egiten den, legez herri hartako alkateari dagokio batzarreko buru izatea. Zestoako alkatea, sarrailagile soila, ondasunik gabea, izan da oraindik orain Monterrongo Kondea, Granadako Dukea, eta Gipuzkoako jabe aberatsenek parte ziren batzarreko buru” (316. orr). “Kaparetasuna, beste edonon gisa talde pribilegiatu baten mesederako litzatekeen bereizkeria, hemen ez dago inoren kontu. Bere sendia jatorriz probintziakoa dela egiaztatzen duen gipuzkoar oro da hemen aitoren seme-alaba, besterik gabe” (330. orr.). Hortxe ba aipatua gure herria, gero, egia esan, Loiolara bidean, arreta berezirik piztuko ez ziona.

***

Hori guztia, bitxia eta interesgarria izan arren, anekdota eder batean geratuko zen, tartean Stendhal etorri ez bazitzaidan burura, edo, hobeto esanda, bihotzera.

Eta esan dezadan behingoz: gure Carlo Dembowski Matilde Viscontini (1790-1825) patriota italiarra eta Milango goi burgesiako andrearen seme zaharrena da. Eta Matilde, berriz, Stendhal idazle frantsesaren maitasun handi zapuztua; hari eskaini zion idazleak “De l’amour” obra. Stendhal modu obsesiboan eta grinatsuan maitemindu zen berarekin, baina Matildek uko egin zien bere asmo erromantikoei eta pasioei. 1825eko maiatzaren 1ean hil zen, 35 urte besterik ez zituela, eta idazlea erabat lur jota geratu zela badakigu.

Stendhalek Matilde ezagutu zuenetik eta bera hil zen arte (1818-1825), urte horietan, Stendhalek harremana izan zuen Carlo Gazterekin (10 eta 17 urte zituen bitartean) Milanen eta Volterran, baina baita gero ere, Stendhalek harremana zeukalako Matilderen lagunartearekin (batez ere Prosper Merimerekin, zeinak Carlo Dembowski eta Espainia ere ezagutzen baitzituen).
Tira, ez litzateke harritzekoa Stendhalek irakurri izana Deux ans en Espagne, eta ametsetan hasiz gero, ez litzateke harritzekoa “Sestona” izeneko herriko alkate sarrailagile soil, ondasunik gabe haren kontura barre ederrak egitea, eta herri hura eta “les bains de Sestona” haiek non ote zeuden jakin nahi izatea. Guk behintzat egin ditugu loturak. W. G. Sebald idazleak zioen bezala, “geroztik neure buruari galdetzen diot beti zein diren gure bizitza zehazten duten harreman ikusezinak, eta ze harik elkarlotzen dituen denak”.

Argazkia: honen antzeko zerbait ikusiko zuen Carlo Dembowskik, Loiolara bidean, gure bainuetxetik pasa zenean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide