Albisteak

Jubilatuen Astea ospatuko dute datorren astean

Azaroaren 23tik 29ra bitartean Jubilatuen Astea ospatuko dute Jubilatu eta pentsiodunen elkartekoek. Aste osorako egitaraua prestatu dute, eta bingoak, karta jokoek, gaztaina janak, ibilaldiak eta bazkariak osatuko dute aurtengo eskaintza.

Astelehenean, azaroaren 23an, emango diote hasiera egitarauari, 16:00etan jubilatuen tabernan egingo den bingoarekin. Asteartean, berriz, seiko urrearen txanda izango da Gisasola egoitzan, 17:00etan. Ostegunean, musa eta punttoa izango dira protagonista San Juan egoitzan. Bi karta jokoetarako izen-ematea 16:30ean egingo da, saioak hasi baino ordu erdi lehenago.

Ostiralean, tortilla pintxoak eta gaztaina erreak dastatzeko aukera izango da jubilatuen tabernan, 18:00etatik aurrera. Larunbatean, berriz, goizeko 10:00etan hasiko da Bide osasuntsua ibilaldia, eta ondoren pintxo dastaketa egingo dute jubilatuen tabernan.

Igandean emango diote amaiera Jubilatuen Asteari. 12:30ean, aurten hildakoen aldeko meza egingo dute elkartean, eta 14:30ean Zestoa eta Aizarnazabalgo jubilatu eta pentsiodunen elkarte bazkaria izango da Gurutze jubilatuen tabernan.

Bazkariko menua urdaiazpiko iberikoak, foie gazi-geza saltsarekin, arrain zopak, legatz frijituak, arkume erreak eta tarta helatuarekin osatuko dute. Ardoa eta kafea ere izango dira. Bazkariaren prezioa 45 eurokoa da, eta izena emateko azken eguna azaroaren 20a izango da, ostirala. Interesa dutenek elkarteko bulegotik pasa beharko dute, 10:00etatik 11:00etara.

Jubilatuen Asteko egitaraua

+ Azaroak 23, astelehena: 16:00etan, bingoa jubilatuen tabernan.
+ Azaroak 24, asteartea: 17:00etan, seiko urrea Gisasola egoitzan. Izen-ematea 16:30ean.
+ Azaroak 26, osteguna: 17:00etan, musa eta punttoa San Juan egoitzan. Izen-ematea 16:30ean.
+ Azaroak 27, ostirala: 18:00etan, tortilla pintxoak eta gaztaina erreak jubilatuen tabernan.
+ Azaroak 28, larunbata: 10:00etan, Bide osasuntsua ibilaldia. Ondoren, pintxo dastaketa jubilatuen tabernan.
+ Azaroak 29, igandea: 12:30ean, aurten hildakoen aldeko meza elkartean; 14:30ean, bazkaria jubilatuen tabernan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide