Paperekoa

[ENBIDOA] Lehengo lanorduak, gaurko zaletasunak

Bai, Shannon, orain niretzat egun denak asteazkenak dira. Lehen asteazkenak iristeko zain egoten nintzen, ea eguraldi ona egingo hondartzara joateko. Esan dezaket, beraz, aurtengo udan bero handia egin duela eta hondartzaz gozatzeko aukera izan dudala. Hala ere, marmokak eta E.colia ere etorri dira nire zaletasuna eta egunak betetzera.
Lehen ordu asko igarotzen nituen sukaldean sandaliak jantzita; beti pasa izan dut bero handia hanketan. Orain, aldiz, pasierako denbora dezente dudanez, sandaliak zapatila itxiengatik aldatu ditut Sastarraingo bidean ibiltzeko.
Azken garai honetan mendizaletasun apur bat ere erakutsi didate. Nire bizitzan bigarren aldiz, Xoxotera joan naiz. Duela hogeita hamar urte izan nintzen estreinakoz, eta San Inaziori kasurik egin gabe bueltatu nintzen. Orain bai, behar bezala agurtuta itzuli naiz. Hurrengo ibilaldia ere pentsatua dut, Aralarko San Migelera.
Egia da beti jubilatu eta gerorako utzi nuela igeriketa. Haurra izan arte joaten nintzen igeri egitera, baina, gero, halako jendetza ibiltzen zenez, azpeitiarren bat bizkar gainera eroriko zitzaidan beldurrez, utzi egin nion eta ez diot heldu. Herrian piszina jartzen dutenean hasiko naiz akaso berriz igerian.
Zinemara joatea ere gustuko dut. Iaz euskaldun denak ikusi nituen, “Karmele”, “Los domingos”, “Maspalomas, eta beste batzuk ere bai, “Hamnet”, “El Cautivo”…
Irakurtzeko ere beti hartu izan dut denbora, eta orain gehiago. Pelicoten kasuari buruzko liburua irakurri berri dut, bere alabak idatzi duena. Latza da, baina gomendagarria.
Jubilatuei buruz esaten dute obrak ikusten ibiltzen direla. Ni ez, ez dut gustuko gainera, urduri jartzen naute, baina kale zaintzen asko ibiltzen naiz goizean goiz hasita.
Zuk aldiz, Mirari, zerbait guztiz desberdina probatu duzu aurtengo urtean: boluntariotza. Nondik nora horrelako esperientzia bat bizitzeko irrika? Zer da gehien hunkitu zaituena? Gomendatuko zenukeen bizipenik? Errepikatzeko asmorik?

Mari Karmen Eizagirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide