Gure ateak

Lizarraizko atea. Ederra argazkia. Marin dugu egilea, 1926. urtean. Hiribildua izena hartu zuenean, lau ate zituen gure herriak. Arretxekoak oraindik zutik dirau, bestea (Eztiola) ez da Erdi Arokoa, beranduagokoa baizik. Portaleko atea (barka erredundantzia) aspaldi bota zuten. Lizarraizkoa, berriz, 30eko hamarkadan. Hemendik pasatzen zen Errege Bidea delakoa (errepide nagusia), Lizarraitz bazterretik Arteagara, handik Artzubiagara eta Osinbeltz aldetik kostaldera.

Zorionez, bi argazki behintzat baditugu, atea nolakoa zen irudikatzeko: bata Ojangurenek egina 1914an, eta bestea hauxe. Hura ederra da bere zalgurdia eta patanekin, baina hau ederragoa nire gusturako.

Ezer baino lehen, lasaitasuna transmititzen du irudiak, denbora pasako ez balitz bezala. Zuhaitzek asko laguntzen dute baretasun hori erakusten. Gaur egun, amorragarriak ditugu zuhaitzak etxe-jiran, baina orduan ez.

Polita da, baita, ate eta leihoen arteko harremana, elkarrizketan baleude bezala: atea zabalik dago baina leihoa burdinaz itxia; ezkerrekoa, berriz, txiki-txikia, zelatariaren toki kuttun.

Hargintza ez da aberatsegia; noizbait harresia izateko bokazioa izan bazuen, ez zen nekez pasako arerioa horma makal horietatik! Harri artean goroldioa imajinatu behar dugu eta Urko kantariak zioen bezala “beren zulotan txoriek dituzte habiak egiten, han dira sortzen, han beren kantuak toteltzen”.

Egin dezagun aurrera. Elizako horma horiek bai sendoak! “Usurbilgo elizaren hormak ze horma sendoak!” zioen kantariak. Bai hemen ere. Elizondo, berriz, eraiki gabe artean, eta orubea hutsik edo, gehienez ere, traste biltegi izateko leku. Arku atarian, lurra baldarra oso, kanpo aldean behintzat.

Argazkian behe aldean, ia enkoadraketatik kanpo, neska txiki bat lurrean eserita, argazkilariarengandik axolagabe. Atsedena, bakea, lasaitasuna transmititzen du argazkiak, aproposa festa ondoren hauetarako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide