Gustavo Hastoy infernura kondenatua

Pasa den larunbatean Aizarnan izan nintzen organo kontzertuan. Goizegi iritsi nintzen eta eliza dena itxita aurkitu nuen. Kanposantura joan nintzen ea han zer berri ote zegoen, eta aspaldi bisitatu gabe neukan kaperatxora sartu nintzen. Ez dakit zer arrazoirengatik baina aurrekoetan ez bezala, atentzio berezia eragin zidan hango margolanak; senak esaten zidan ordura arte oharkabean pasa zitzaidan margolan hura ez zela edozeinek egindakoa. Berehala, ea sinadurarik ba ote zeukan miatzera joan ziren nire begiak, eta “Hastoy” ikusi zuten; baina nire buruarentzat erabat ezezaguna zen Hastoy delakoa. Hamarren bat minutu egin nituen koadroari begira, eta gero alde egin nuen, argazkitxo bat aterata. Loreto F. Imazen kontzertu bikainak beste mundu eta pentsamendu batzuetara eraman ninduen (ederra galdu zenuten hara joan ez zinetenek!) eta ahaztu egin zitzaidan margolana arratsaldera arte. Gero, ordea, telefonoko argazkiari zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gogo biziagoa jartzen zitzaidan Hastoy hori ikertzen hasteko, eta orduan egindako “ikerketak” dira oraintxe zuekin partekatu nahi nituzkeenak hemen. Ez da aurkikuntza handirik baina igoal bidea irekiko dute baten batek azterketa sakonagoa egiteko.

Gustavo Hastoy margolariak euskalduna izan behar zuen (Iparraldekoa agian) garaiko agiriek diotenez. Data zehatzik ez badugu ere, XIX. mende erdi aldean jaioko zen (1857?). Oso artista oparoa zela ematen du. Alde batetik, XIX. mende bukaera aldera, nahiko aipatua da eraikuntzen dekorazioan (freskoa). Izan ere, garai haietan erakunde asko sortu ziren eta, ondorioz, horientzako eraikuntzak ere bai. Badu proiektu bat (ez dakigu gauzatu zuen) Bejar-ko (Salamanca) Virgen del Castañar ermita dekoratzeko (1894) baina, batez ere, Madrilgo Basílica Pontifical de San Miguel eliza zoragarrian egin zituen lan mordoxka (1905). Madrilgo zenbait kafetegi dekoratzen ere ibili zen (1895).

Koadrogintzan, erlijio gaia landu zuen baina ez hori bakarrik. Bere lana garaiko gustura egokitzen da: marrazkiari baino gehiago koloreari ematen dio garrantzia, eta pintzelkada askeari; asko erabili hori ditu kolore nabarrak eta horrek eta irudien itxurak Barroko garaiekin lotzen du. Hemen inguruan badira Hastoyren lan erlijioso batzuk, Aizarnakoa bera, eta, gu baino gutxiago ez izateko, Azpeitiarrak udaletxeko areto nagusirako erosi zuten San Ignazioren pintura, 300 pezetaren truke (1912). Paco Marí argazkilariak atera zituen, bestalde, ustez Hastoyrekin zerikusia daukaten 22 margolanen argazkiak. Erlijio-gaiez aparte baditu, ordea, profanoak ere: guk bi aurkitu ditugu interneten, Harem à Alger (1887) eta Escena Árabe eta interes handia piztu digute margolan koloretsu, alai eta exotikoak direlako.

Guk dakigunez, museoetan ez dago apenas bere lanik baina litekeena da bilduma pribatuetan gehiago izatea. Nolanahi ere, artistaren biografiarik eta azterketarik ez dagoenez, eta garaiko zein artista-zirkulutan ibiltzen zen ez dakigunez, are zailagoa da bere lanaren tamaina eta garrantziaren berri izatea. Bistakoa da, hala ere, garai hartako euskal margolari ezagunenekin bazuela harremana.

Biografia txiki hau bukatzeko, badakigu XIX. mende amaieran grabatugintzan ere lan asko egin zuela eta tailerra bazuela Madrilen. Hainbat liburuetan ageri dira bere ilustrazioak, eta kartelgintzan ere gauza franko egin zituen; berea da, esate baterako, 1900ean egindako Donostiaren kartel bat edota Safo izenburuarekin gouache eta arkatzez egindako margolana (biak Bilboko Arte Eder Museoan). Berea da, bukatzeko eta anekdota munduan sartuta, Corte de Napoleón kartela, Amazonek kamisetatan estanpatuta saltzen duena 16,88 eurotan (hamaika ikusteko jaio gara!).

Ez dakigu zer lotura zuen Hastoyk Aizarnarekin. Agian Alejandrino Irureta margolariak ezagutzen zuen. Jakina da Alejandrinok Aizarnakoa zuela aitona eta Iribarrenera etortzen zela udaldiak pasatzera. Litekeena da, baita, orduko apaizen batek ezaguna zuelako kontratatzea Hastoy. Edota, besterik gabe, ezaguna zen orduan margolaria eta lan bat erosi zioten.

Kontuak kontu, han dago Aizarnan Hastoy-ren margo ederra. Karmengo Ama Jesus Haurtxoa eskuetan duela, eta azpi aldean bost bat gizon-emakume infernuko sutatik erruki eske. Goialdea, hau da, Ama Birjina eta Haurtxoaren aldea, hotzagoa da eta emozio gutxi transmititzen du behekoekiko; behealdea, ordea, tentsio eta sufrimendu bizia da. Hala beharko du koadroak, kontraste hori beharko du, ikusleak kontura daitezen zein latza eta jasangaitza den infernua eta zein lasaia eta barea zerua. Denak Barroko garaiko estilo hartara eramaten gaitu baina Ama Birjina eta Haurtxoa askoz konbentzionalagoak dira “infernu aldea” baino. Infernu aldeak bikain erakusten du bertako gizon-emakumeen ezinegona, erregu-aurpegiak, egoeraren larritasuna beso altxatuek ezin hobeto irudikatzen dutena… Pintzelkada oso askeak, suaren izaera biltzaileak eta koloreek –gorritasunetik hauts kolorera– atmosfera itogarria sortzen dute. Ederra litzateke jakitea zein margolan ospetsutan oinarritu ote zen Hastoy, Aizarnako hau egiterakoan, baina hurrengo baterako utziko dugu.

Bukatzeko, garai haietako testuinguru txiki bat. Vatikano I. Kontzilio garaian (1870) Eliza Katolikoa modernitatearen aurka azaldu zen zeharo eta oso jarrera, dogmatikoa, kontserbadorea, intolerantea eta integrista hartu zuen. Sekularizazioaren aurrean, mundu honetatik harago, zerua eta infernua aipatzen zituen, eta, batez ere, infernuko suaren etengabeko garrak eta oinazeak astintzen zituen. Ebanjelioa eta hasierako kristautasuna alde batera utziz, eliztar guztiak beldurtuta eta menperatuta edukitzea zen helburua.

Edozein modutara ere, Historiak erakusten digu testuinguru atzerakoiak oso oparoak izaten direla sorkuntzarako (ez ahaztu garai politiko atzerakoienean sortu zela Barrokoa Espainian), eta hemen ere, kontuak kontu, margolan bikain bezain ezezaguna geratu zaigu denon gozamenerako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide