[GUTUNA] Antolakuntza eredua hobetzeko eta erronka berriei aurre egiteko sortu da Urola Erdiko kontseilu sozialista

Bi urteko ibilbidea eta gero, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak bere burua desegin du garaiko beharrizanei aurre egiteko gaitasuna izango duen antolakuntza forma garatuago bati bere lekua uzteko: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista.

Horren berri emanez, idatzi hau helarazi diguten:

Burgesiak abiatutako oldarraldi bortitzaren aurrean, badira etorkizun beltza urratzen duten
argi izpi batzuk. Munduko txoko ezberdinetan agertzen ari diren espresio iraultzaile berriak,
zein Euskal Herrian sustrai sakonak hedatzen ari den mugimendu sozialista gaztea, esperantza
iturriak zaizkigu.
Geure bailaran bertan, aipatzekoak dira, besteak beste, ikasleen eskubideen defentsan,
autoritarismoaren eta kontrol sozialaren aurka eta beste hainbat arlotan lan egiteko sortu den
IKAS ikasle autodefentsa sarea; gazte problematikan esku hartzeko sortu den Gazte
Koordinadora Sozialista; emakume langileen ahots eta lanabesa den ITAIA antolakundearen
sorrera; desjabetuen espazioen defentsa saretzeko jaio den Erraki (Langile kontrolpeko
espazioen sarea); eta gazte asanblada ezberdinak gaztetxeetan egiten ari diren lan eskerga.
Ezin ahaztu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak, hasieran Azpeitian eta ondoren eskualdean,
mugimendu sozialistak izan duen loraldian jokatutako papera. Bi urteotan, aurretik aipatutako
tresna ezberdinen sorrera eta garapenean lagundu eta mugimenduari ekarpen teoriko
garrantzitsuak egin dizkio. Horrez gain, salaketa kanpaina eta mobilizazio ezberdinak burutu
eta iniziatiba propioak atera ditu aurrera. Horren adibide dira, esaterako, eskualdeko sektore
kolpatuekin elkarlanean sortu dituen baliabideak; jantoki soziala lehenik, eta orain martxan
den Oinarrizko Produktuen eta Elikagaien Bankua gero, ondoren etorriko diren proiektu
ezberdinen aurrekaria ezarri duena.
Ekarpena ez da eskualde mailara mugatu, ordea. Gazte batzuen etxebizitza problematikari
erantzun eta proiektu sozialistak garatzeko azpiegitura izango zen Esklabetako ezker hegala
birjabetu da; epe motzean, ordura arteko funtzioak galdu gabe, Euskal Herriko mugimendu
sozialistaren aterpe bilakatu dena. Horren ispilu izan zen, esaterako, Gazte Sozialiston
Topagunea.
Bi urteko ibilbide oparoa izanagatik, idatzi honen bidez, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak
bere burua desegin duela jakinarazten du, garaiko beharrizanei aurre egiteko gaitasuna izango
duen antolakuntza forma garatuago bati bere lekua uzteko: Urola Erdiko Kontseilu Sozialista.
Izan ere, langileriaren independentzia politikoa eta autoantolaketaren bidez lanean jarraitzeak
2020ak utzi digun panorama basatian mugimendu sozialista elikatzeko bide berriak hartzeko
beharra azaleratzen du.
Jada gure kaleetan ditugun pobrezia eta askatasun ezak erantzunak behar ditu; hala nola,
testuinguru honetan garrantzia berezia duen askatasun sozial eta politikoen defentsa
artikulatzea, egungo gizartean duintasunez bizitzeko oinarrizkoak diren baldintzak (ura, janaria,
argindarra, arropa, etxebizitza…) guztiontzat eskuratzeko borrokak artikulatzea, soldatapeko
lanean jasaten ditugun etengabeko xantaia eta gehiegikerien aurrean borrokarako tresna
eraginkorrak antolatzea, eta kultura burgesaren kontrakotasunean hedatzen den langile
kulturaren garapenerako baldintzak ezartzen hastea, besteak beste.
Erronka zail bezain beharrezko hauek gainditu eta langile boterea gorpuzten joateko,
eztabaida, harremana eta elkarlana sustatuko ditu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, zintzoki
eta errespetuz jardun eta zapalduarekin lerratzen den eskualdeko, Euskal Herriko zein
nazioarteko eragile eta norbanako guztiekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide