[GUTUNA] Bainuetxeko langileen egoera salatu du LABek

Bainuetxeko langileen batzarra egin zuten joan den abenduaren 1ean. Saioan informazioa partekatu eta aurrera begirako erronkei buruz aritu ziren. LABeko ordezkariek jakinarazi dute hitzarmena berritzea dagokiela, eta horretarako negoziazio mahaia ireki dutela. LAB eta ELA sindikatuek “plataforma bateratua” aurkeztu dute dute, baina enpresak orain arte izandako harrera ez dela positiboa izan azpimarratu dute. “Azaroaren 30ean bilera berri bat aurreikusita zegoen, baina enpresak azken unean bertan behera uzteko eskatu zuen, informazio berririk ez duela argudiatuz”.

Hemen LABeko kideek egoera salatzeko kaleratu duten gutuna:

“Zestoako Bainuetxea Santanderreko TRES MARES S.A. enpresak kudeatzen du 2003. urteaz geroztik. Bainuetxearen diru sarrera handiena IMSERSO programatik eratortzen da; 37 urte daramatza programa honekin lanean.

Langileen lan baldintzei dagokienez, 2013. urtera arte Gipuzkoako Ostalaritza Hitzarmena aplikatzen zitzaigun. Enpresaren esanetan, ordea, Bainuetxeko bezeroen %90a IMSERSOko bezeroak izanik, gastuak jaitsi behar zirela adierazi zuen, ondorioz, 2013. urtean Enpresa Hitzarmena sinatu zen eta honekin, langileen lan baldintzak okertu ziren. Azpimarratzekoa da, aipaturiko Enpresa Hitzarmena hainbat bilera, langileen asanbladak eta ekintza sindikala egin ondoren, Zestoako Bainuetxea itxiko zuten mehatxupean sinatu zela. Bien bitartean, TRES MARES S.A. enpresak denbora gutxian izugarrizko hazkundea izan zuen, estatu mailan lehen bainuetxe katea bilakatuz eta Europa mailan bigarrena. 2016. urtean hiru bainuetxe sartu zituen: Grávalos, Graena eta Cervantes. Bost izatetik zortzi izatera pasa ziren eta hauek ere IMSERSO programari esker jarri ziren martxan.

Azkeneko bainuetxea 2019. urtean erosi zuen: Lanjaron. Horrela, bederatzi bainuetxek osatzen dute TRES MARES S.A. enpresa. Arestian aipatutako Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmena 2010. urtean sinatu zen eta geroztik ez da berritu, ordea, 2014. urtean Gipuzkoako Hotel eta Ostatuen Hitzarmena sinatu zen. Enpresa Hitzarmena negoziatzeko pausuak ematen hasi ginenean, guk enpresari argi eta garbi adierazi genion guri aplikatu beharreko hitzarmena bigarrena zela, hau da, Gipuzkoako Hotel eta Ostatuena. Aldiz, enpresak, patronalaren ildoak jarraiki, gu hitzarmen horretatik kanpo geratzea lortu zuen. 2020. urtean, COVID19 pandemia iritsi zen. Martxoan Bainuetxea ireki eta 10 egunetara, 2020ko martxoaren 15ean Bainuetxea itxi egin zen. Ondorioz, langileak langabezi egoerara pasa ziren.

Hainbat eskaera egin zitzaizkion enpresari langileak ERTEn sartu zitzan, langabezi prestazioa ez agortzeko baina alperrik izan zen. 2021. urteko ekainaren 1a arte ez ziguten ERTE “por fuerza mayor” deritzonaren barruan sartu, eta aldi honetan, Espainiako Gobernuak argitaratutako Dekretuan hala jasotzen zuelako izan zen. 2021ko abuztuaren 5ean, Zestoako Bainuetxea irekitzea erabakitzen du enpresak, nahiz eta IMSERSO programa martxan ez egon. Bainuetxea irekitzen da, eraikina ia bi urte luzez itxita egon ondoren eta inolako mantenu lanik egin gabe (100 urte baino gehiago dituen eraikina). Hotela bete egin zen baina aurreikuspen falta nagusi, izugarrizko kexak egon ziren bezeroen aldetik (prezio garestiak, mantenu falta, langile eskasia eta abar). Bien bitartean, langileak oso egoera kaxkarrean aritu ziren lanean; lan karga handia eta arazo ugari. Abuztuko aste horien ondoren, langileak berriro langabezia egoerara itzuli ziren.

Abuztuaz geroztik 2022. urteko martxora arte Bainuetxea itxita egon da, martxoan IMSERSO programa martxan jarri duten arte. Langileen baldintzak are eta kaxkarragoak dira. Orain, Hitzarmena berritzea dagokigu eta horretarako mahai negoziatzailea ireki dugu. LAB eta ELA Sindikatuek Plataforma bateratua aurkeztu dugu, baina enpresaren orain arteko jarrera ez da batere positiboa izan. Are gehiago, azaroaren 30ean bilera berri bat aurreikusia zegoen, enpresak azken unean bertan behera uztea eskatu du, ordea, informazio berririk ez duela argudiatuaz. Langileon eros ahalmena geroz eta txikiagoa da: 2013ko hitzarmenean galdu genuena ez dugu errekuperatu; azken 2 urteotan Bainuetxearen itxieraren ondorioak pairatu behar izan ditugu; inflazioaren izugarrizko gorakada jasaten ari gara eta abar. Egoera larria da eta langileok batu eta gure eskubideen alde borrokatu behar dugu”.

LAB




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide