[GUTUNA] Eguzkik, Zestoan Urola ibaiaren ertzean txabola bat eraiki izana eta hondakin pilaketa salatu ditu

Eguzkik, Zestoan Urola ibaiaren ertzean txabola bat eraiki izana eta hondakin pilaketa salatu ditu. Hemen taldeko kideek idatzitako gutuna:
“Zestoan, herria eta Iraeta auzoa lotzen dituen bidegorriaren zubitik gertu (antzina trena pasatzen zen), Urola ibaiaren ertzean txabola bat eraikitzen ari direla ikusi dugu, eta, aldi berean, hainbat hondakin pilatzen ari direla: garagardo botilak, freskagarri eta detergenteen ontziak, paletak, egurrak, teilapeak eta mahai tolesgarri bat, besteak beste.
Eguzkitik gure kezka adierazi nahi dugu, ez bakarrik inguru horretan zaborrak pilatzen direlako, baizik eta ibaiaren urez bete daitekeen ingurune batean finkatzen direlako, eta euriteen garaian emaria hazi egingo delako, bidean harrapatzen duen guztia arrastaka eramanez. Esan gabe doa ez dela legezkoa ibai baten ertzean eraikinik egitea, ekainaren 7ko 400/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan jasotzen den bezala. Horregatik guztiagatik, URAri (Uraren Euskal Agentzia) eta Zestoako Udalari eskatu diegu txabola horren eraikuntza berehala gelditzeko, ingurua lehengoratzeko eta eremu hori kontrolpean edukitzeko jarraipena egiteko”.
Eguzki, 2021eko maiatza



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide