[GUTUNA] Eskualdeko instituzioen jarrera autoritarioaren aurrean askatasun politikoak defendatu

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak eta Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak honako gutuna bidali dute erredakziora:

“Azken asteetan gure eskualdean eskubide urraketek, mehatxuek eta jarrera autoritarioek markatu dute gazteria antolatuaren egunerokoa. Gazteak euren nahiak eta aldarriak gorpuzteko espazio bila dabiltzan honetan, oztopoak besterik ez dituzte jasotzen udaletxe eta bestelako estatu aparatuengandik.

Eskubide politikoak sistematikoki urratuak izaten ari dira Azkoitian eta Zestoan. Azkoitian kale presentzia oro debekatuta daukagu baliabide urriak ditugun eragileok, debekua ezarri dutenek propaganda egiteko diruak ematen dien aukera eta askatasuna duten bitartean: aldizkarietan, egunkarietan, hauteskundeetako adierazpen guneetan edo behar den eran. Ezin ditugu ahaztu, gainera, alderdi politiko hauek guztiek kontrolpean dituzten baliabide politiko guztiak –herri aldizkarietatik hasi eta telebista korporazio handietara–. Hori gutxi balitz, Azkoitiko Udalak tentsioa igo izana salatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak; kartelak eta pankartak jartzeagatik Udaltzaingoa bidaliz isun mehatxuak egitera edota ekimenak oztopatuz.

Zestoan, berriz, gaztetxea tokiz aldatzeko borroka prozesuan gertatuak kezkatzen gaitu. Agindutakoa betetzeko Udal Gobernuaren borondate erreal faltak, eta beraz, honen pasibotasunak Zestoako sei gazte identifikatuak izateaz gain, desalojo arriskuan jarri baititu. Zestoako EH Bilduri ahoa betetzen zaio borondate faltsuz eta hitz politez, baina garbi utzi nahi dugu borondatea, hitzez haratago, erakusten diren ekintzak direla. Zestoako Gazte Asanbladak salatu duen moduan, udalaren prozesu burokratiko amaigabe batean sartzea besterik ez dute lortu, honek ondoren ekarri duen blokeoarekin. Borondate erreala baliabide efektiboak ematean datza, eta horrekin batera, herrian lanketa eta aurrerapauso politikoak ematean.

Berdin dio Udal Gobernuaren koloreak, bere politikak salatzeko egiten dituen promesa eta mezu ponposo, liberal edo kontserbadoreagoak, berdin dio hauek aplikatzeko dituen formak zuzenak edo apalagoak diren; eta langileria antolatzearen aurka egiteko tresna izaten amaitzen badute; emaitza beti da instituzio hauetatik at antolatzea hautatu duten eragileen oztopoa.

Zentzu horretan langile kontrolpeko espazio hauek duten garrantzia azpimarratu nahi dugu, bertatik gazte antolakuntzaren kultura sustatuko baita, elkartasuna praktikan jarri eta injustizia desberdinak borrokatu; kasu horretan bezala, antolakuntzarako oinarrizko premisa diren espazioak defendatuz.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik eta GKStik askatasun politiko hauek borrokatzeak duen urgentzia mahai-gainean jarri nahi dugu, krisi egoera ekartzen ari den demokraziaren autoritarismorako joera gure herrietan nola normalizatzen ari den ikusita. Gaur gaurkoz, Zestoako eta Azkoitiko Gazte Asanbladen borroketan islatzen da hau. Horregatik, herritar oro borroka hauetara batu dadin dei egiten dugu. Ofentsiba burgesari buruz hitz egiten dugunean, urrun eta abstraktu irudika daitekeen prozesu bat badirudi ere, geure herrietan bizi ditugun jokabide hauetan islatzen da zuzen-zuzenean. Jokoan dagoena ez da sopilik espazio baten edo bestearen kontrola, dekadentzia kapitalistaren normalizazioa da. Gazte asanbladei gure babes eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu. Alboan izango gaituzue.

Askatasun politikoak defendatu!”

Urola Erdiko Kontseilu Sozialista

Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialista




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide