Euria ere bizia delako

Azken astea bizia izan da, hainbeste hilabetez euri eske eta orain… ahots baxubaxuarekin “Igandean ateri eutsiko balio…” eginez. Bada, ez, euria egin zuen, eta kanpoa irabazian!

Entzuna genuen Sañun, Bentatxoko zelaian, erromeria egin izan zela; Arauntzakoek kontatzen ziguten, urte gutxi iraun bazuen ere, Arroitan San Ferminetan erromeria egiten zela. Kontatzen digute, Arauntzatik Aittola Berrira erromeriara joaten zirela, edo Iturriotzera, eta han ze sestra izaten zituzten errezildarrek eta aiarrek… Garai hartan, oinez, bakoitzak etxeko (baserriko) lanak garaiz egin, auzotarrak elkartu, eta denak batera erromeriara nola joaten ziren kontatzen digute.

Horrelako zenbat istorio entzun izan ditugun! Miresmenez beti, eta inbidiaz askotan. Garai hartan, baserriak jendez, umez, aiton-amonez beteta zeuden, ez ziren osaba-izeba mutilzahar edo neskazaharrak falta, umeen maitagarri. Batzuetan haserre, besteetan triste; lanean, jolasean, dantzan edo bertsoak kantatuz (auzo honetan bazen bertsolaririk, ez pentsa!)… bizirik zeuden baserri eta mendiak.

Herenegun, Sañuko lehen egunean, hori guztia berreskuratu genuen. Jende asko etorri zineten, Azpeititik, Zestoatik, Errezildik, Aizarnatik, Azkoititik, Zarauztik…

Gure auzoa txikitzat daukagu, bakoitza bere txikitik aritu izan gara, bertan bizi gara, bertatik ere bai. Mendi gainak “bixitu” izan gaitu une askotan, hango eguzki, euri, elur eta laino, hasi Arroitatik, Sañu, Munomendi, Artzai Gaina eta Etumetaraino. Aurrekoen lan eta izerdiari esker iritsi da inguru hori dagoen moduan gaurdaino, eta horrela irits dadin nahi dugu ondorengoen eskuetaraino.

Atzo ikusi genuen, ordea, txikiak izanagatik, bat eginda gauza izugarriak egiteko gai garela, auzolanean. Igandekoa festa eguna izan zen, baina atzetik lan handia eginda. Auzokoei esker, ardientzako saletxea sukalde bihurtu zen. Hango suak berotu zituen, salda, pintxo eta inguruetako sagardo eta zukuari esker, bertaratu ziren guztien barruak. Hildakoak bizira ekartzeko modukoa zegoen salda, baita bizirik dagoena indartzeko
modukoa ere. Bertako eta bertaratutakoak, kontu-kontari, barrez, jolastuz, eskulanak eginez, dantzan… gozatu genuen; eta infernuko hauspoak segi zuen arratsaldean ere sua hauspotzen.

Igandekoa festa eguna izan zen, baina aldarrikapen eguna ere bai. Atzo indarrak hartu genituen, Sañu bizirik sentitu genuen, eta bizirik segi dezan lanean jarraituko dugu.

Mila esker denoi!

Txillarramendi Auzo Elkartea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide